Dokumentuaren akzioak
'Udazkena oinetan' ikuskizuna estreinatuko dute Bergaran: musika, dantza, poesia eta irudia
Uxue Agirrek hala dio ikuskizunaren aurkezpen berbetan: “Erantzi zapatak eta itxi begiak, erdu, eman eskua. Ihintzak umeldutako belardiak, orbelezko tapiz okreak; itsasoak bustitako ur bazterrak dantzatuko ditugu, oinutsik. Berriz ekarriko dugu udazkena oinetan”.
Musika, dantza, hitza eta irudia
Egitaraua honako hau da:
- Udazken koloretan, Benito Lertxundi.
- Poesia saioa: uxue Agirre.
- Gure bazterrak, Mikel Laboa.
- Orekaren sokan.
- Haizearekin Elgetan.
- Ufadan.
- Negua ate joka.
- Firinfaran.
- Tantanak tantan.
- Bat eta bat bi.
- Horitu, ihartu… airera.
Udazkeneko irudiak
Ikuskizunean, Arizondo Argazkizale Elkarteko argazkilariek ateratako irudiak proiektatuko dituzte. Udazkeneko irudiak, beti ere: paisaiak, naturaren argazkiak.
Honako hauenak, hain zuzen ere: Agustin Gurrutxaga, Imanol Mondragon, Pedro Mari Arregi, Juan Jose Lopez Azurmendi, Joseba Leturia eta Benito Cantero.
Dantzak oinetan
Osintxuko Musiraka taldea 12 eta 51 urte bitarteko 12 kidek osatzen dute. 2005ean sortutako dantza taldea, sorreran, handiagoa zen, denak Osintxuko ume eta gurasoak. Nagusiki, dantza tradizionalak egiten zituzten. Denborarekin, ordea, taldea eraldatzen joan da, bai dantzarien eta baita dantza estiloen aldetik ere.
Taldearen izena sortzeko auzoko hiru bailaren izenen lehenengo letrak lotu zituzten: Muskitxu, Iraban eta Kaparra, hain justu ere.
Musirakak dantza saioak eskaini ditu ondorengo ekitaldietan, beste batzuen artean: 2007ko Kilometroetan, Korrika egunean, Goienaren 10. Urteurreneko ekitaldian, iaz; Gau Magikoak Munibe plazan performancean, Monzonen omenaldian, Urepelen Xalbador bertsolariaren omenez egindako emanaldian…
'Udazkena oinetan' ikuskizuna iragartzeko kartela.Dokumentuaren akzioak