Aiarako Udalak zabaldu zuen astelehenean deialdia herrian bertan eskaintzen ez diren musika eta dantza jarduerak diruz laguntzeko. Horrela, iazko irailetik aurtengo ekainera arte ekintza mota horiek egin dituztenek, aukera izango dute babes ekonomikoa jasotzeko. Jarduera horiek Euskal Autonomia Erkidegoan antolatutakoak izan beharko dira.
Guztira, 6.000 euro bideratuko ditu tokiko erakundeak eginkizun horretara eta, gehienez, beste herri horretan erroldatuta ez daudenei tokiko erakundeak kobratzen dien kopuru gehigarria ordainduko du.
Aiararrek zenbait baldintza bete beharko dituzte dirulaguntza jasotzeko; gutxienez azken sei hilabeteetan udalerrian erroldatuta egotea edota jardueraren %80ko saioetan parte hartu izana.
Dokumentazio guztia aurkezteko azken eguna azaroaren 2a izango da eta udal erregistroan laga beharko da eskaera orria.