Dokumentuaren akzioak
Udalbatzaren aurreskuarekin hasiko dira herriko festak gaur arratsaldean
Abesbatzak Hilarión Eslavaren Salbea kantatuko du zazpietako mezan
Udalbatzak aurreskua egingo du gaur arratsaldean herriko festei hasiera ofiziala emango dien ekitaldian. Arratsaldeko zortziak laurden gutxiagotan da saioa. Oinarin taldeko kideen laguntza izango dute udalkideek.
Alkatearen eta zinegotzien aurretik Oinarineko umeek ikurrin dantza eskainiko dute. Aurten hasi direnak lehen aldiz irtengo dira plazara. Antzuolako bandera eta ikurrina jasoko dituzte udaletxeko balkoian.
Aipatzekoa da baita herriko abesbatzak mezan kantatuko duen Hilarión Eslava musikari nafarraren Salbea. Nekeza ei da eta azken asteotan gogor jardun dute entseiutan pieza prestatzeko lanetan. Zazpietako mezan abestuko dute.
Gaurko gainontzeko egitaraua hau da: eguerdiko 12:00etan, jaiak iragartzeko kanpaiak, umeen bertsoa, alkatearen hitzak eta kalejira udalekuetako umeekin; ondoren, neska-mutikoek gertatutako ikuskizuna; 13:30ean, umeen herri bazkaria; arratsaldeko 18:00etan, txistulari, trikitilari eta buruhandiekin kalejira; 22:00etatik 23:50era, kale afaria Herriko plazan Bentazaharreko mutiko alaiak taldearen eskutik; gauerdian, hontzaren jaitsiera kanpandorretik udaletxera; ondoren, Bentazaharreko mutiko alaiak taldearekin kantu saioa.
Trafikoa eta autobusak
Jaiek dirauten bitartean, hau da, gaurtik domekara arte, alde zaharreko erdiko kaleak zein Sagasti -barrakan han jarriko dituzte- itxita egongo dira. Autobusak, Zumarragara ala Bergarara joan, Antiguan geratuko dira. Gaueko zerbitzua ere prestatu du Pesak biharko eta etzirako.
Hondakinak jasotzeko egutegi eta ordutegi berezia izango da festetan. Gaur organikoa jasoko da normaltasun osoz. Bihar, egubakoitza, ontziak eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 14:00etara bitartean eta dendetako zein enpresetako kartoiak gauez; etzi, zapatua, organikoa berriz 12:00etatik 14:00etara; eta domekan, azkenik, errefusa, 12:00etatik 14:00etara.
Dokumentuaren akzioak