Dokumentuaren akzioak
Udalbatzaren aurreskuak emango die hasiera herriko festei gaur arratsaldean
Oinarineko dantzariek ere hartuko dute parte ekitaldi berean DYAko lagunek emango diote ongi-etorria Hontzari gauean
Ekitaldi berean, Oinarineko neska-mutikoek ikurrin
dantza egingo dute. Aurten hasitako umeen kaleko aurreneko saioa da.
Antzuolako bandera eta ikurriña ere jasoko dira udaletxeko balkoian.
Hontzaren jaitsiera, berriz, gaueko hamaika eta erdietan jarri dute.
DYAko lagunek emango diote ongi-etorria Hontzari aurten. Elkarteko
boluntarioei omenaldia egingo zaie. Elizako kanpandorretik behera
etorriko da Herriko Plazara.
Osterantzean, honako egitaraua prestatu du jai
batzordeak gaurko: goizeko 11:00etan, umeen jolasak; eguerdiko
12:30ean, udalekuetako umeen eskutik karaokea Herriko Plazan;
arratsaldeko 14:00etan, umeen herri bazkaria; 15:00etan, umeen jolasak
Herriko Plazan; 18:00etan, txupinazioa, kanpaiak eta kalejira
txistulari, trikitilari eta buruhandiekin; 19:00etan, txosnak zabaltzea
Zurrategi plazan; 19:30ean, Arrueren Salbea kantatuko du abesbatzak
elizan; 20:15ean, udalbatzaren aurreskua; gaueko 22:00etan,
euskodiskoteka; 23:15ean, suzko zezena Herriko Plazan; 23:30ean,
Hontzaren jaitsiera; eta gauerdian, euskodiskotekaren bigarren txanda.
Autobusak gauez
Jaietarako gaueko autobus zerbitzua jarri dute biharko eta etzirako, hau da, egubakoitzerako eta zapaturako. Bihar hamaikak hogei gutxiagotan hasiko da Antzuolatik Zumarragarako zerbitzua eta ordubetero irtengo da autobusa. Antzuolatik Bergararakori, berriz, hamaikak eta laurdenetan ekingo zaio. Goizeko seiak eta laurdenak arte segiko du. Etzi, bestalde, ordubete lehenago hasiko dira, hamarrak hogei gutxiagotan eta hamarrak eta laurdenetan, eta bukatu ordu berean, seiak eta laurdenetan.
Barrakak
Barraketan ibiltzea 1,10 euro kostako da aurten. Hori bai, bost bidaiako bonuak salduko dira 5 eurotan. Domekan merkexeago egongo dira barrakak, euro 1en.
Dokumentuaren akzioak