Udako Dantza Topaketak iraganen dira agorrilaren bigarren hamabostaldian, Baigorrin

Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak antolaturik, Udako Dantza Topaketak eginen dira aurten ere, haur eta gazteei udan euskal dantzan aritzeko, ikasteko eta elkar ezagutzeko aukera emanez. Topaketak agorrilaren bigarren hamabostaldian eginen dira, Baigorriko Oronozia aterpetxean.

Hedabidea
Kazeta
Lekua
Baigorri
Mota
Albistea
Data
2026/08/01
Esteka
Kazeta
Kezka dantza taldeko kideak, Eibarko Dantzari Eguna kari, iragan ekainaren 12an, Eibarko Untzaga Plazan.
Kezka dantza taldeko kideak, Eibarko Dantzari Eguna kari, iragan ekainaren 12an, Eibarko Untzaga Plazan. (Fernando RETOLAZA | Kezka Dantza Taldearen Facebook kontua)

Udako Dantza Topaketak bueltan dira. Aurten, Baigorrin ezarri du hitzordua Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak. Topaketak hilaren 15etik goiti iraganen dira, eta adinaren araberako hiru egonalditan banatuko dira.

Euskal dantza talde bateko kide diren haur eta gazteei zuzentzen da ekimena. Antolatzaileek azaldu dutenez, helburua ez da soilik dantzak irakastea, baizik eta euskal dantza eta euskal kultura erdigunean jartzea, dantzen atzean dagoen ondare kulturala ere ezagutuz: ohiturak, errituak, jantziak, musika, tresnak eta lurralde bakoitzaren berezitasunak.

Horretarako, urtero Euskal Herriko hainbat txokotako dantza irakasleak gonbidatzen dira beren ezagutza partekatzera. Aurtengo edizioan honako talde hauek izango dira irakasle:

 • Kemen Dantza Taldea (Irun), Gipuzkoako dantzak irakasten.
 • Mikel Deuna Dantza Taldea (Iurreta), Bizkaiko Dantzari Dantza lantzen.
 • Kezka Dantza Taldea (Eibar), Arrateko dantzak erakusten.

Parte-hartzaileak adinaren eta mailaren arabera banatuko dira, ikastaro bakoitza haien beharretara egokituz:
    • 8-11 urte: Gipuzkoako Dantzak, agorrilaren 17tik 18ra, Kemen Dantza Taldearen eskutik (gau bat aterpetxean).
    • 12-15 urte: Dantzari Dantza, agorrilaren 19tik 21era, Mikel Deuna Dantza Taldearekin (bi gau aterpetxean).
    • 16 urtetik gora: Arrateko Dantzak, agorrilaren 24tik 25era, Kezka Dantza Taldearen eskutik (gau bat aterpetxean).

Aisialdi jarduerak ez dira eskas

Iparraldeko Dantzarien Biltzarrak azaldu duenez, ikastaroak dantza saioetatik harago doaz. Oronozia aterpetxean eta haren ingurune naturalean egonaldi aberasgarria egiteko aukera eskaini nahi diete parte-hartzaileei. Egunez dantza ikasteaz gain, aisialdiko jarduerak, jolasak, dantzaldiak eta igerilekuaz gozatzeko parada izanen dute gazteek.

Udako Dantza Topaketen balio nagusietako bat, hala ere, Ipar Euskal Herriko haur eta gazte dantzarien arteko harremanak sendotzea eta sare berriak sortzea da. «Dantzaren bidez, parte-hartzaileek lurralde ezberdinetako errealitateak ezagutzen dituzte, esperientziak partekatzen dituzte eta euskal kulturarekiko lotura indartzen dute», laburbildu dute ekimenaren antolatzaileek.

 

Informazio gehiago eskuratzeko:

Posta elektronikoa: iparraldekodantzarienbiltzarra@gmail.com

Instagram: @idb_dantzagram

Facebook: Iparraldeko Dantzarien Biltzarra