Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Udaberrikoak Boisen

Dokumentuaren akzioak

Udaberrikoak Boisen

Komunikabidea
Ataria
Tokia
Tolosa
Mota
Albistea
Data
2022/07/28
Lotura
Ataria

Tolosako dantza taldeko kideak Estatu Batuetan izango dira, eta San Inazio jaialdian dantzatuko dute.

Tolosako Udaberri dantza taldeak Boisen, Ameriketako Estatu Batuetako Idaho estatuko hiriburuan, dantzatuko du datozen egunetan. Berez, udan egin ohi duten jaialdian parte hartzekoak ziren, baina azkenean ez dute egingo, eta urtero ospatzen duten San Inazio jaialdian parte hartzeko gonbita jaso dute.

Tolosarrek hainbat lurraldeetara bidaiatu izan dute dantzatzeko, baina Estatu Batuetara joaten diren lehen aldia dela azaldu du Xanti Nazabal taldekideak: «sekula ez dugu atlantikoa gurutzatu, eta ilusioz eta gogotsu gaude». Gaur abiatuko dira Estatu Batuetara, eta bihar izango dute lehendabiziko emanaldia. Korrontzi musika taldearen kontzertua ere izango da tartean. Hiru emanaldi izango dituzte San Inazio jaialdiaren barruan. Bigarrena etzi, larunbatean, izango dute, eta beraiekin Oinkari Basque Dancers taldeko kideak ariko dira. Baina, ez dira billabonatar dantzariak izango, duela mende erdi Boisen bertan jatorri euskalduneko herritarrek euskal dantzak berreskuratzeko sortu zuten dantza taldeko kideak baizik. Hirugarren emanaldia astelehenean, abuztuaren 1ean, izango dute. Jaialdiak irauten duen egunetan jan-edanak, musikak nahiz pilota partidek ez dute hutsik egingo.

Udaberriko 33 lagunek bidaiatuko dute Boisera. «Talde handia goaz, eta prestaketetan buru-belarri ari gara, jantziak eta bestelakoak behar bezala iristeko».

Dena den, Ameriketarako bidaian guztia ez da dantza izango tolosarrentzat. «Dantza taldea gara, eta emanaldiak eskainiko ditugu, baina dantza saioak amaitzean, Ipar Ameriketan zehar bidaiatxo bat antolatu dugu».

Amaiurko gudaren urteurreneko ekitaldian parte hartu berri dute Udaberri dantza taldeko kideek, eta hura bezala Boiserako bidaia ere «esanahi sinboliko handikoa» dela eta «irrikaz» daudela azaldu du Nazabalek.

Dokumentuaren akzioak