Dokumentuaren akzioak
Udaberriko emanaldia eskainiko du etzi, Azpilla dantza taldeak
Segurako Azpilla dantza taldeak Udaberriko emanaldia eskainiko du larunbatean Segurako plazako karpan. Maddi Montero taldeko kideak esan duenez, pandemia aurreko egitaraua berreskuratzen ari dira «pixkanaka».
Gaur egun, ehun bat kidek osatzen dute Azpilla dantza taldea, haurrak eta helduak aintzat hartuta, baina etziko emanaldian «60 bat dantzarik hartuko dute parte», Monterok aurreratu duenez. Taldeko dantzari gazteenak izango dira, «5 urtetik hasi eta Lehen Hezkuntzako 6. mailara arteko ikasleak», zehaztu du. Azpillak aspaldiko ohitura du igandeko lore eta landare azokaren bezperan udaberriko emankizun hau eskaintzekoa, «nahiz eta pandemia urteetan bertan behera geratu».
Dantza tradizionalak
Larunbateko ikuskizuna euskal dantza tradizionalen eta koreografia modernoagoen arteko uztarketa bat izango da. «Gazteenek euskal dantza tradizionaleko piezak dantzatu dituzte eta helduagoek bestelako dantza koreografiak ere egingo dituzte». Emanaldia lore eta landare azokarako plazan jarrita dagoen karpan izango da, 12:30ean hasita. «Ordu bete, ordu eta erdi» inguruko saioa izango da.
Ekainean beste ikuskizun bat antolatu du Azpillak, «martxokoaren aldean ezberdina». Bigarren ikuskizun honetan dantzari helduagoek hartuko dute parte eta ikuskizunaren helburua «publiko zabalago batera» iristea izango da.
Dokumentuaren akzioak