Dokumentuaren akzioak
Udaberria Dantzan, euskal festa Donibane-Lohizunen
Udaberria Dantzan jaialdia Donibane-Lohizunen, goizeko 11:00etatik aurrera
Honako taldeok hartuko dute parte jaialdian: Gipuzkoatik Oñatiko Oinatz taldea, Nafarroatik Otsagiko dantzariak, Arabatik Gasteizko Udaleko Folklore Akademia, Bizkaitik Berrizko Iremiñe taldea, Nafarroa Beheretik Baigorriko Arrola taldea, Zuberoatik Larraineko Errege Txopitak taldea eta Lapurditik Donibane-Lohizuneko Begiraleak.
Begiraleak taldea da jaialdiaren antolatzailea, eta beraien asmoa honakoa da: «Zazpi herrialdeetako dantza batasun hori herri baten erakuspena izatea, eta ahal den neurrian dantza saio nazional handi bat antolatzea».
Jaialdiko egitarauari dagokionez, goizeko 11:00etan Luis XIV.a plazan Ziburuko ikastolaren trikitixa, bertsolariak eta Begiraleko txalapartariak izanen dira. Ordu berean zazpi dantza taldeek egindako ibilaldia izanen da kalez kale. 12:00etan Mutxikoak egonen dira herriko plazan. 13:00etan bazkari herrikoia hasiko da Urdazuriko kiroldegian. 15:30ean ibilaldia eginen da. Eta amaitzeko, 16:00etan, zazpi herrialdeetako dantza emanaldia herriko plazan.
Primerako eguna pasatzeko aukera izanen da, beraz, gaur Donibane-Lohizunen. Euria egiten badu, dantza saioa Urdazuriko kiroldegian egingo da.
Dokumentuaren akzioak