Dokumentuaren akzioak
Udaberri, uda garaian, Hungarian
Dantza taldeko kideek hainbat emanaldi eskaini dituzte abuztuan bertan. Guztira lau emanaldi eskaini zituzten Szeged eskualdeko hainbat hiritan
Abuztuaren 3an abiatu ziren Tolosatik, autobusa leporaino beteta. Eta bai ondo bete ere, zenbait gauza bertan utzi behar izan baitzituzten eta. «Kaxarranka egiteko asmoa genuen, gure errepertorioko dantzarik ikusgarrienetako bat delako, baina kutxa, bere azpiko euskarria eta arraunak ez zitzaizkigun autobusean sartzen maleta guztien ondoan» diote taldeko kideek. Bidean Italiatik eta Kroaziatik igaro ziren eta Budapest hiriburuan egun pare bat egin ere egin zituzten. Ondoren jaialdiko antolatzaileekin elkartu eta lau emanaldi eskaini zituzten guztira Szeged eskualdeko hainbat hiritan.
Jaialdian Poloniako folklore talde bat ibili da tolosarrekin batera eta Europako beste toki batzuetako kulturak ezagutzeko aukera eman die horrek. «Gutako hainbatentzat guztiz berria izan da beste era bateko dantzak eta kantuak ikustea», adierazi dute kide berriek. Dena den, ikusleen artean harrera bikaina izan zuten euskal dantzek, Udaberritarren ustez «gainerakoengandik guztiz desberdinak direlako, askoz ikusgarriagoak».
Urtea baino gehiago zeramaten taldekideek bidaia prestatzen, izan ere 40 minutuko emanaldia osatu behar zuten parte hartu ahal izateko. Helburu horrekin dantzari berriak lortu eta haiei dantzak irakasten eman dituzte azken hiru hilabeteak. Horrez gain musikari gehiago lortzea ere ezinbestekoa zen, eta haiei errepertorioa irakastea ere bai. Prestaketa lanek luze jo dute beraz, baina taldekideak oso gustura daude lortutako emaitzarekin, «aipatutako kide berriez gainera ikastaroetatik iritsitako belaunaldi berria ere bidaian izan da eta hain adin desberdinetako jendea, 14 dituzten gazteenetatik 28ko beteranoetara, elkartzea guztiz aberasgarria da, bai batzuentzat eta bai besteentzat».
Hurrengo proiektuak
Udaberri Dantza Taldearen helburu nagusia sortutako talde berria mantendu eta are gehiago ugaritzea da orain. Diotenez ikastaroek badute indarra baina beste hainbat jardueratan bezala mutil falta nabarmena da. «Bidaiara etorri diren hiru dantzari berriak mutilak izan dira, eta haiek gabe ezinezkoa izango zitzaigun emanaldiak osatzea. Baina beraiek oso gustura ibili dira, eta horixe da mutil gehiago animatzeko modurik onena» esan digute.
Aurrera begira jarrita, ozeanoa zeharkatu eta Estatu Batuetara joateko asmoa du Udaberri Dantza Taldeak, «Boisen (Idaho) euskal dantzen jaialdi bat antolatzen dute eta hara joateko izena eman dugu, baina oso zaila izango dela badakigu. Argazkiak eta bideoak eskatu dizkigute eta izena ematen duten talde guztien artean onenek bakarrik izango dute bidaiatzeko aukera».
Ikastaro berriak prest
Bestalde, haurrentzako antolatzen dituzten ikastaroak irailaren hirugarren astean hasiko dira, hilaren 16an. Dagoeneko izena eman dutenen zerrendak bere web orrian daude ikusgai. Bestalde, helduen ikastaroak urrian hasiko dira.
Dokumentuaren akzioak