Dokumentuaren akzioak
Tzun patzun pa
Kontua da parranda askotan sentitu dudala neure burua justifikatu beharra gai beraren inguruan, eta horregatik erabaki dut oraintxe emango ditudala azalpenak, hurrengoan inor ez dadin inguratu eta nire “ni” etilikoari gaua eten. Ea ba, banoa: erregetoia dantzatzea gustatzen zait (harridura soinuak). Eta asko (harridura soinu altuagoak). Eta okerragoa dena, ez zait kontraesan bat iruditzen (aaaaaahhh!).
Urte asko daramatzat ingurukoen tratamendu saiakerak pairatzen, lasai, ohituta nago. Burua jan didatela esan izan didate (neska gajoak ez daki bere kabuz bere gustuak definitzen), feminista zuri zintzoek ez dutelako perreatzen. Hau da, nik nire ipurdia beste baten gerriaren parean jartzean, bestea omen da ni menderatzen dabilena, eta ni nire duintasuna lurretik botatzen ari dena, edo horrelako zerbait. Hain neure sentitu nuen June Fernandezen artikulua ere erakutsi izan diet (“Ezin badut perreatu, ez da nire iraultza”), baina keba. Erregetoia=matxista ekuazioak lizentzia arriskutsu eta errazegia eman die askori musika eta dantza estilo oso bat gutxiesteko, erregetoi feminista eta lesbikoa ere badela esan eta entzungor egiterainokoa. Kuriosoa da, entzuten diren kanta komertzial gehienak (euskal kantak ere bai? Aahhh, nola esan dezake hori!) iruditzen baitzaizkit niri matxistak, baina badirudi sexu esplizitua aipatzen den unean soilik identifikatzen dutela batzuek matxismoa.
Eta, dena esaten hasi naizenez, kutsu paternalista eta arrazista sumatzen dut nik askoren iruzkinetan, eta jendaurreko sexualitate zantzuen demonizazio nahi bat ere bai. Hau da, erreprimitu sexualak izatetik hurbilago daudela asko, emakumearen askapenaren defendatzaile nekaezin izatetik baino. Ala, bota dut.
Noski erregetoi kanta askoren letrak negargarriak eta matxistak direla, noski abeslari gizon heteronormatiboen kanta komertzialak nekagarriak direla (tabernaro errepikatzen direlako, gainera), baina noski ez daukazula eskubiderik nigana etorri eta nik nahi dudan eran dantzan ari naizelako ezer aurpegiratzeko, edo bizitzan galduta nagoela iradokitzeko, psikoterapeuta begirada triste batekin.
Beraz, hurrengoan ni dantzan ikusi eta sistemak preso naukala pentsatzen duzunean, lasai, ez gerturatu laguntzera. Nire gerria ez da zure askatasun zurrunean kabitzen.
Dokumentuaren akzioak