Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'Txutxin'-en ibilbide oparoa jaso du Dantzan-ek

Dokumentuaren akzioak

'Txutxin'-en ibilbide oparoa jaso du Dantzan-ek

Komunikabidea
Goiena
Tokia
Oñati
Mota
Albistea
Data
2024/05/02
Lotura
Goiena
Jesus Irizar 'Txutxin', 2018-06-1. (Argazkia Dantzan.eus)

Oñatiko dantza tradizio oparoaren erreferente nagusia, Jesus Irizar Txutxin (Oñati, 1949-2024) dantza-maisua hil da atzo, 74 urterekin. Dantzari eta dantza-maisu moduan narbarmendu den Oñatiko Irizartarren dinastian figura garrantzitsua eta itzal handikoa izan da. Oñatz dantza taldearen zuzendaria eta bultzatzaile nekaezina hainbat urtez, Oñatiko Korpus egunaren antolaketa-burua izan da azken urteotan Kofradiaren zuzendaritzatik.

Artikulu hau 'Dantzan.eus'-en argitaratu da, eta handik ekarri da 'Goiena.eus'-era CC-BY-SA lizentziari esker.

Dantza-maisuen dinastia

Txutxin Irizar-en dantzarekiko harremanaren familia aurrekariak bere osabarengana garamatzate. 1920an Francisco Irizarrek hartu zuen dantza-maisu ardura 100 urte pasa luzatu den dinastia hasiz. Gazte hil zen Paco eta anaia Alejandrok hartu zion erreleboa 1935. urtean. Anai gazteena, Santos, dantzari ari zen garai horretan. Alejandro Irizar 36 urtez aritu zen dantza-maisu lanetan. Alejandrori bere seme Jesus Txutxin-ek hartu zion erreleboa.

Korpus dantzari taldea. Erdiko mutikoa, Jesus Irizar. Oñati, 1957 ingurua. (Argazkia: Irizar familiak Dantzan.eus-i utzia)

1966 urtean Txutxin eta bere bi anaia aitarekin dantzan ikasten hasi ziren. Dantzari moduan lehen aldiz plazara 1967an atera zen. Garai hartan bere aita Alejandrok Sección Femeninan gidatzen zuten dantza taldea eta haiekin aritu zen Jesus semea, aitak gidatuta. 1968an Korpus dantzetan estreinatu zen dantzari moduan, aita kapitain eta bera dantzari.

Korpus dantzari taldea. Goian ezkerretik hirugarrena eta Laugarrena Alejandro eta Jesus Irizar. Oñati, 1969. (Argazkia: Irizar familiak Dantzan.eus-i utzia)

1971n ere horrela atera ziren, Alejandro kapitain eta Txutxin dantzari. Prozesioan min hartu zuen aitak eta bazterrean geratu behar izan zen. Txutxinek hartu zuen bere tokia, baina gorriz jantzita, dantzari arruntei dagokien moduan. Arratsaldeko saiorako jantzi zen urdinez lehen aldiz, kapitain. Txutxin Korpus dantzetan kapitain 1995 arte aritu zen. Urte horretan bere seme Mikelek hartu zion segida kapitain moduan eta bederatzi urtez jardun zen postu horretan. Alaba Maitek ere jarraitu dio dantzarekiko zaletasunean eta ezagutzan eta antolaketa lanetan sakondu du aitaren lekukoa hartuz ere hainbat alorretan.

Maite Irizar aurreskua eta Jesus Irizar bigarren esku Oñatzen 50. urteurreneko sokan. Oñati, 2020-01-18. (Argazkia: Oñatz)

Oñati eta kofradia

1970eko harmakada hasieran Haurren Eguna ospatzen zen Oñatin. Ordurako Zubillaga auzoan dantza-taldea sortu zen eta haiei irakasten hasita zen Txutxin. Herri-gunean bertan dantza talderik ez zegoela eta Zubillagakoa erdigunera ekarrita, Oñatz kultur elkartearen baitan sortu zen dantza taldea. 1973an egin zuen Oñatzek lehen emanaldia.

Oñatz dantza taldearekin, berau gidatuz eta hauspotuz mende erdi pasako bidea osatzeaz gainera, Oñatiko Korpus eguna antolatzen duen kofradian ardurak hartzen joan da Txutxin eta festa barroko harrigarri horren koordinazio eta antolaketaren dokumentazio lanak burutzen joan da. Kofrade moduan ateratzen hasi zen, batez ere dantzariak koordinatzen laguntzeko. Baina poliki-poliki prozesio osoaren koordinazio bere gain hartzen joan da: irudien ateratzea, prozesioaren nondik norakoak, geldialdiak, dantzarien joan-etorriak...

Korpus prozesioa, dantzariak eta Jesus Irizar kofrade, dantzariak gidatzen. (Argazkia: Maite Irizar)

Dantza-maisu zorrotza eta apasionatua

Oñatiko Korpus dantza berezien transmisioan molde zaharreko dantza-maisuen moduan aritu den irakasle zorrotza izan da Txutxin. Mugimendu eta keinu guztien definizioa xehe-xehe zehaztuta, entseguetan konstantzia, errespetu eta lana oinarrizko baldintza zituen. Pasioz bizi izan du dantza eta pasio hori transmititu dio bere gidaritzapean hazitako Oñatz dantza taldeari, bertatik pasa diren ehunka dantzari oñatiarrei eta bere seme-alabei ere.

Pausoen ejekuzioan xehetasun txikiena zaintzen zuen, bai eta mugimenduen, taldearen antolaketaren, jantzien eta tresnek prestaketa eta erabileran ere. Jantziak azken detaileraino zaintzen zituen, bai eta tresnak ere, kaskaineten tonoarekin hasi eta bere eskuz egiten zituen arkuetaraino.

Hileta maiatzaren 2an, osteguna, 19:00etan Oñatiko Goiangeruaren parrokian egingo da. Hilbeila Moyuan izango da asteazkenean 18:00-20:00 eta ostegunean 11:00-13:30 eta 15:00-18:00 bitartean.

Dokumentuaren akzioak