Euskadiko hainbat txokotatik etorritako txistulariez gain, Bilboko Udal Txistulari Bandak dozenaka artista bilduko ditu agertokian hala nola metalezko boskotea bat, Iñigo Eskuin gitarran, Gorka Eskauriaza Baxuan eta Ander Zulaika baterian, Gemma Sánchez teklatuan, San Anton Abesbatza eta Oinkari dantza taldea. Guztiak Txaber Fernández zuzendari bilbotarraren esanetara arituko dira.
Gainera, gonbidatu berezi bat izango da: Xabier Solano, Etzakit eta Esne Beltza taldeen sortzaile musikaria. Musikan trikitixarekin hasi bazen ere, bere ibilbidean hainbat arlo landu ditu. Kontzertuan, bere ibilbideko abestirik ezagunenak entzun ahal izango dira, besteak beste, "Eskurik eskuekin", "Gogoak", "Izar Iheskorra" edo "Erre zenituzten".
Udaletik gogoratu dutenez, jai ekitaldi honetan, Aste Nagusiko azkenetakoan, Oinkari taldeko dantzariek ere parte hartuko dute. Hain zuzen ere, “Mundaka” kontrapasa, Alboka musika taldearen “Hiru piztiak” ezpata-dantza, “Elias eta Belatxe” fandangoa eta “Basalde” arin-arina dantzatuko dituzte, azken bi hauek, kontzertu honetarako Xabier Zabalak berariaz konposatutakoak.