Dokumentuaren akzioak
Txikitxu-Arrostaitzen 55-35. urteurreneko erakusketa irekierak sortzaileak omendu ditu
Dantza talde arrasatearrak antolatutako erakusketaren xedeetako bat da Marga Mercader eta Eugenio Garcia sortzaileek “egindako lan guztia eskertzea”. Ekitaldi hunkigarriak ere azaldu du beste helburuetako bat lan guztia “Herriarekin partekatzea” dela. Erakusketak taldearen sorrera, ibilbidea, ikurrak,… ikusgai ditu, baita kamiseta eta zapi berriak salgai ere.

Ekitaldia enparantzan hasi da, non bestela?, eta belaunaldi ezberdinetako dantzariak, txistularien eta danbolin-joleen musikari jarraituz, bertaratutakoei Ohorezko aurreskua eskainiz.

Talde arrasatearrak bere bi sortzaileak omendu ditu lore sorta, musuak eta txalo beroak eskainiz.

Biribilketa ere egin da eta hainbat herritarrekin batera, Maider Morras Azpiazu alkateak ere bertan parte hartzera animatu da.

Ondoren, ekitaldia Kulturateko ‘klaustroetara’ sartu da, hots, urteurrenaren erakusketa paratuta dagoen aretora.

Maider Azkarragaurizar Arana eta Ane Sanchez Sarroak, taldearen izenean, eskerrak eman dizkiete sortzaileei, hots, Marga Mercader eta Eugenio Garcia emazte-senarrei.

“Erakusketa hau zuek egindako lan guztia eskertzeko modu bat izatea gura genuke”.
Erakusketa posible egiteko prestaketa lanetan aritu dira: “Kepa Urzelai, Ainhoa Urzelai, Laia Lasaga, Naia Zuazubiskar, Ixone Garitaonandia, eta batez ere Ane Sanchez”.

Horren harira, Aneri lora sorta bat, besarkada, muxuak eta txalo beroak eman dizkiote inaugurazioan.

Taldearen sorrera zein ibilbidea azaldu dituzte, eta bidaide izan dituztenei eskerrak eman dizkiete, hitzartze hunkigarriekin.

Ekimen honen beste xedeetako bat da hamarkada hauetan egindako lan guztia “zuekin eta Herriarekin partekatzea”.

Alkateak ere berba batzuk izan ditu irekiera ekitaldian, eta Txikitxu-Arrostaitzek egiten duen lana balorean jarri du.
Bidenabar, aurtengo kamiseta eta zapi berriak eros daitezke erakusketan bertan, “aukera ona izanda dantza taldea hala laguntzeko”.

Horrenbestez, ’55 urte dantzan’ izeneko erakusketa zabalik dago, eta hala izango da martxoaren 27ra arte, Kulturateko ‘kalistroan’.

Ordutegia, astelehenetik larunbatera arratsaldeko 17:30etik 20:30era. “Urratsak sendo, oinak arin”. Zorionak Txikitxu-Arrostaitz!












Dokumentuaren akzioak