'55 urte dantzan' izenburupean erakusketa inauguratuko du ostiral honetan Arrasateko Txikitxu-Arrostaitz dantza taldeak Kulturateko klaustroan. Ekitaldiari 18.30ean emango diote hasiera.

'Urratsak sendo oinak arin' lelopean urteurren berezia ospatzen ari dira, eta, horren baitan, gaur bere ateak irekiko dituen erakusketa antolatu dute. “Bertan, 1970etik gaur egunera arteko historia bildu da, argazki, jantzi, tresna tradizional eta bestelako elementuen bidez. Taldearen bilakaera eta euskal kulturaren sustapenean egindako lana ere erakutsiko dugu, belaunaldiz belaunaldi transmititu den ondarea agerian utziz”, aurreratu dute taldetik. Erakusketa martxoaren 27ra arte egongo da ikusgai.

Erakusketa irargartzen duen kartela.

Erakusketa irargartzen duen kartela. Txikitxu-Arrostaitz.

Marga Mercader eta Eugenio Garcia, sortzaileak

Marga Mercader eta Eugenio Garcia senar-emazteek protagonismo berezia dute, hauek izan baitziren 1970ean Txikitxu-ren sortzaileak. "Euskal kulturarekiko maitasunetik, herriko haurrei dantzaren tradizioa erakusteko talde bat sortu zuten. Nahiz eta dantzari-familia batetik ez etorri, Margak betidanik sentitu zuen euskal dantzekiko zaletasuna, eta Eugenioren txistulari dohainak proiektuari bultzada paregabea eman zion", gogoratzen dute dantza taldetik.

1990. urtea mugarri garrantzitsua izan zen taldearen historian; izan ere, aurretik taldekide izandako gazteek berriro elkartzea erabaki eta helduentzako taldea sortu zuten: Arrostaitz.

Txikitxuk 55 urte betetzen ditu eta Arrostaitzek, aldiz, 35 urteko ibilbidea egin du, momentuz.