Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txikientzat, txistulari

Dokumentuaren akzioak

Txikientzat, txistulari

Aupa Aritz! Folklore jale baten an-dantzak

Egilea
Aritz Ibañez
Komunikabidea
Berria
Mota
Iritzia
Data
2006/07/11

Sasoiko azken emanaldia izaten da sanferminetakoa txikienentzat. Haurren egunean ateratzen dira. San Lorenzon lore eskaintza egiten diote santuari, eta, handik, kale Nagusian barrena, Udaletxeko plazarainoko ibilbidea egiten dute dantzari txikiek. Txistulariokin batera fanfarrea aritzen da, eta erraldoien eta buruhandien konpartsa ere bai.

Dantzari txikientzat egun berezia izaten da haurren eguna. Sanferminetan dantza egitea aparteko gauza baita. Ilusioz bizi dute. Ez da hain berezia, ordea, guretzat. Alukeria da gehiago. Nik eskertuko nuke goiz batez, behintzat, ekitaldirik gabeko agenda izatea, aurreko egunean parranda ederra egin, eta lo egin ahal izateko. Atsedenaldia, indarrak berritzeko.

Ez da hainbesterako ere, dena den. Putz egin, hatzak mugitu eta ibili besterik ez dugu egin behar. Eta dantzarien artean ere sumatu ditut aurpegi ilunak. Dantzari txikienak ez dira etorri. Egunotan jende asko oporretan egoten da, gainera. Txikien taldean aritzen diren 50 lagunetatik 20 inguru ari dira dantzan. 14-15 urte inguruko dantzariak dira denak, hau da, sanferminetan parranda egiten hasi berri direnak. Haienak dira ikusi ditudan aurpegi ilunak.

San Lorenzotik Udaletxeko plazarainoko ibilbidea lasai egiten saiatzen gara, baina ahalik eta azkarrena amaitzeko asmoa bazter utzi gabe. Etxera joan, eta lo egin ahal izateko.

Udaletxeko plazan ekitaldia eskaintzen dute dantzariek. Beste hainbat euskal dantza taldetako txikiekin bat egiten dute Dugunakoek. Etorri dira, halaber, Iruñean egoitza duten eskualde etxeetako dantzariak. Irailera arte agurtzeko ekitaldia da haurren egunekoa.

Dokumentuaren akzioak