Dokumentuaren akzioak
Txikia onena denean
CCN Malandain - Ballet Biarritz eta Kader Belarbi
Diseinu koreografikoaren oinarritzat Berliozen gai bereko sinfonia hartu
du, eta partituraren inflexioei hertsiki atxikita eratu ditu dantzarien
eboluzioak. Hautu horrek, noski, bere mugapenak ditu abstrakzioaren
ikuspuntutik, eta oso dantza figuratiboa sorrarazi du, Berliozen obrak
kontakizunaren deskribapen musikala dirudielako eta Malandainek
deskribapen hori dantza bihurtu duelako. Narrazioari laguntzeko,
dantzariek keinu dramatiko esplizituekin hornitu dituzte beren
mugimenduak, eta giroak eta eszenak banatzerakoan rol nabaria jokatu
dute hamasei kutxa metaliko handiek, nahiz eta batzutan kutxen erabilera
oztopo bilakatu den koreografiaren benetako handitasunerako.
Igandeko emanaldi nagusia Kader Belarbiren konpainiarena izan zen, berak sortutako hiru koreografiarekin eta Mats Ek-en Tulips pieza laburrarekin. Salle des pas perdus izan
zen gaueko lehena, eta han Louis Aragonen surrealismoa eta zuzenean
jotako Prokofieven piano-musika hartzen dira pantomima poetiko bat
eratzeko; Les épousés duoak bi anaiaren arteko maitasun mingarria aztertzen du Mahleren musika eraldatuarekin, eta Room
izenekoan hiru bikoteren bilakaera aurkezten da Henryk Gorecki eta Arvo
Parten musikarekin eta elementu eszeniko ugariren laguntzaz. Nahi
handikoak iruditu zitzaizkidan hirurak, eta bikaina izan zen dantzarien
maila, baina ene uste apalean mugimenduaren diseinuak ez dio ekarpen
berezirik egiten dantza garaikideari.
Ordea, Mats Ekek bereziki Belarbirentzat sortutako Tulips
duo trinko eta enigmatikoan Belarbiren dantzari-mailaren bikaintasunaz
gozatu genuen, eta pieza harekin argi geratu zen itxuraz txikia dena
handia izan daitekeela.
Lekuak: Miarritzeko Gare du Midi eta Kasinoa. Egunak: Irailaren 11 eta 12a.
Dokumentuaren akzioak