Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txerriaren jaitsierarekin lehertu da Piñastei eguna Mutrikun

Dokumentuaren akzioak

Txerriaren jaitsierarekin lehertu da Piñastei eguna Mutrikun

Txerria kalejiran jaitsi dute herritarrek, eta portuan hamaika ekintza eduki dituzte goiz guztian. Besteren artean, jolasak, Gure Ametsa dantza taldearen Soka Dantza eta kukaña egon dira; kukañan Markel Makatzagak lortu du ikurriña bereganatzea.
Egilea
Garaia Pagola Urriza
Komunikabidea
Lea-Artibai Mutriku Hitza
Tokia
Mutriku
Mota
Albistea
Data
2025/09/16
Lotura
Lea-Artibai Mutriku Hitza
Gure Ametsa dantza taldearen emanaldia Piñastei egunean

Azken hiru egunotan giro ederra da nagusi Mutrikun. Gaur [irailak 16] festa Galbaixotik herrigunera jaitsi, eta Piñastei eguna ari dira ospatzen mutrikuarrak. Mahoizko jantziek eta zapiek hartu dituzte herriko txoko guztiak, eta Musika Bandaren eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsarekin batera, kalejiran jaitsi dira Goiko Plazatik porturaino. 

Urtero portura jaisten den Ziriako Andonegik egindako txerria da gaurko protagonistetako bat, eta Zapatei kalean elkartu dira herritarrak txerriari eskerrak emateko; besteren artean, Mutriku Arraun Taldeko 47 neskek egindako “lan ona” aipatu, eta zorionak eman nahi izan dizkiete. Bestalde, Akerbeltz erraldoiaren iazko ibilerak gogora ekarri, eta urriaren 10ean Frantziako Lille herrira joango dela azaldu dute. Hala, irrintzia botatzearekin batera lehertu da festa.

Piñastei eguna

Ostean, ekintzek ez dute etenik izan. Aizabia elkartearen eskutik umeak gustura ibili dira jolasetan, eta ilara luzeak sortu dira sardina erreak jateko. 12:30ak jotzerako, aldiz, ume nahiz nagusi, jende ugari elkartu da portuan kukaña ikusteko; aurtengoan hamabi parte hartzaile eduki ditu, eta Markel Makatzagak zazpigarren itzulian lortu du ikurriña bereganatzea.

Goizari amaiera eguerdiko sokamuturrarekin eman aurretik, Gure Ametsa dantza taldeak Soka Dantza eskaini du. Ikusle ugari bertaratu da portura dantzariak ikustera, eta txalo artean eman diete amaiera ekitaldiari.

Arratsaldean ere egongo da zer egina Mutrikun. 17:00etan zinga txapelketa egongo da, eta bitartean umeek kayaketan ibiltzeko aukera edukiko dute, Mutriku Arraun Taldearen eskutik. Eguna amaitzeko, aldiz, sokamuturra eta Musika Bandaren kalejira egongo dira. 

 

 

Dokumentuaren akzioak