Dokumentuaren akzioak
Txapelik ez, baina ohorezko postu asko Euskal Herriko Dantza Txapelketan
Segurako txapelketan izan zirenen talde argazkia.
Larunbatean izan zen jokoan Seguran Euskal Herriko 46. Dantza Txapelketa. 2020an eta 2021ean txapelak Oarsoaldera etorri ziren, baina aurten ezin: Saioa Galarraga-Julen Murgiondo Bergarako bikoteak bere egin zuen txapelketa, hainbat urtez irabaztetik gertu izan ondoren. Hala ere, Oarsoaldeko dantzarien lana bikaina izan zen.
Sailkapen nagusian bigarren izan ziren iazko txapeldun Maren Galvez lezoarra eta Gorka Granado sopelarra. Irabazle bergararrek 74 puntu lortu zituzten, eta Galvez-Granado bikoteak, berriz, 72,50. Hirugarren izan ziren 202oko edizioko garaile Katerik Artola (Oiartzun) eta Iker Belintxon (Lezo), 70,50 puntu pilatuta. Sailkapen nagusian bosgarren Lezoko beste bikote bat: Ane Jaunarena eta Endika Osak osatutakoa, 62 punturekin. Orotara bederatzi bikotek parte hartu zuten Segurako Baratze pilotalekuan egindako lehian.
Sailkapen orokorrekoez gain, Oarsoaldeko dantzariek izan zituzten sariak. Hala, Maren Galvezek eta Gorka Granadok Dantza Jantziaren Saria bere egin zuten, eta Granado bizkaitarra (Sopelakoa) denez, Bizkaiko Bikote Onenari Saria sopelarrari esker irabazi zuten biek.
Dokumentuaren akzioak