Dokumentuaren akzioak
Txalogarria
Kritika, 'Giselle'
Aintzat hartzekoak izan dira bai Maria Gimenezek berak egin duen dantzaldia zein berak zuzentzen duen Balet Klasikoa Arte 369 taldeak egindakoa, mukuru beteriko Arriaga antzokian.
Izan ere, XIX. mendeko koreografia ez da txantxetako lana; aitzitik, drama eta dantza uztartzen dituen balet-pantomina konplexua da dantzatzeko. Beraz, atariko ekitaldian, gaztetasunak islatzen dituen poza eta tolesgabeko dantza modua azaldu beharra dago; eta bigarrenean, alderantziz, naturaz gaindiko izakien dantza bizitasun gabekoa, zonbien erara, alegia. Prima ballerina-k ondo konpondu du Gisele-ren itxura, hots, maitemindua dagoen pertsonai errugabearena eta engainatuarena. Primerakoak izan dira irudiak, behatzen gaineko dantza eta taulen gainean biribildutako ibilera dantzatuak.
Bigarren ekitaldian ondo dantzatzeaz gain gizakia barik izpiritua zela sinestarazi behar gintuen eta horretan Gimenezek bete zuen Willirena egiteko konpromezua. Taldea oso gaztea da, adinez eta esperientziaz. Hor dago Gimenezen bigarren lorpena. Biribiltasunari heltzeko tartea egon badago ere, dantzarien lana ona izan da eta talde trebatuaren irudia eman dute. Jesus Mari Begoña
Dokumentuaren akzioak