Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txalo zaparrada ugari jaso zituzten dantzariek 'Geltokia' ikuskizunarekin

Dokumentuaren akzioak

Txalo zaparrada ugari jaso zituzten dantzariek 'Geltokia' ikuskizunarekin

Haurtzaroa, gaztetasuna, heldutasuna eta zahartzaroa. Bizitzako lau fase horiek dantza bitartez irudikatu zituzten atzo, egubakoitza, Aukeran dantza konpainiako kideek Bergarako Udal Pilotalekuan egin zen 'Geltokia' ikuskizunean. 300 herritar inguru izan ziren ikuskizunaz gozatzen eta txalo ugari jaso zituzten protagonistek. Bergarako Edu Muruamendiaraz ikuskizuneko zuzendaria eta koreografoa "pozik" gelditu zen ikuskizunak izan zuen harrerarekin.
Egilea
Amaia Txintxurreta
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Bergara
Mota
Albistea
Data
2014/09/13
Lotura
Goiena

Bozgorailuetatik “bidaia zoriontsua” opa ostean, iluntasunean hasi zen ikuskizuna. Agertokiaren atzean erloju bat proiektatu zuten eta biolin doinuen musika lasaia hasi zen. Kolore hori eta urdinak nagusitu ziren agertokian eta dantzariak pixkanaka-pixkanaka azaltzen joan ziren.

Bizitza bidaia bezala ulertuta, maletek garrantzia handia izan zuten ikuskizunean; maletek pertsona bakoitzaren sekretuak gordetzen zituzten, norberaren frustrazio, poztasun edota maitasun kontuak. Proiektatutako erlojuak, berriz, pertsonen izate iragankorra islatzen zuen.

Dantzariak agertokian arin mugitzen ziren, perfekzionatutako koreografia koordinatuak egiten zituzten eta eszenaratzea 50. hamarkadako jantziekin egin zuten. Guztira, bederatzi dantzari izan ziren agertokian; bost neska eta lau mutil. Ikuskizunaren lehen ordu laurdena pasa ostean iritsi zen gaueko lehen txalo zaparrada. Ordutik aurrera, txaloak ugaritu egin ziren ikuskizunak aurrera egiten zuen heinean.

Trena ere behin baino gehiagotan proiektatu zen ikuskizunean, bizitza eta trenaren arteko metafora egin nahian.

Zuzendaria, "pozik"

Bergararra da Edu Muruamendiaraz ikuskizuneko zuzendari eta koreografoa, eta pozik zegoen emanaldiaren ostean: “Oso berezia izan da ikuskizuna herrian egitea, jende asko etorri da eta txalo ugari entzun dira”. Ikuskizuna amaitu ostean, herritar ugari gerturatu ziren Muruamendiarazengana eta asko izan ziren egindako lanagatik zoriondu zutenak. Ikuskizun aurretik, baina, oso urduri zegoela aitortu zuen Muruamendiarazek eta emanaldiaren azken dantzak heltzen zindoazen heinean, lasaiago jartzen hasi zela azaldu zuen. Bere lehenengo geltokira, Bergarara, etorri zen egubakoitzean eta zuzendari eta koreografoak espero du aurretik zapaltzeko beste geltoki ugari izatea. Merkatuan jarraitzen dute 17 urteren ostean eta oso pozik zegoen herrian egindakoarekin.

Dokumentuaren akzioak