Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Txalaparta interpretatuko dute

Dokumentuaren akzioak

Txalaparta interpretatuko dute

Kukai dantza taldeak 'Txalaparta’ ikuskizunaren bira hasiko du otsailaren 3an, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.
Egilea
Urko Etxebeste
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2024/01/23
Lotura
Berria

(ID_13507152) (/EZEZAGUNA) (;Dantza;Errenteria;Kukai;Kukai dantza konpainia;Orereta;dantza garaikidea;danza contemporanea;txalaparta)

Kukai dantza taldeko dantzariak, abenduan, Errenterian, 'Txalaparta' ikuskizuneko entseguan. MENDI URRUZUNO 

«Instrumentu bat da, edo instrumentu bat interpretatzeko modu bat». Txalapartak beretzat zer esan nahi duen galdetuta, Juan Mari Beltran euskal musikaren eta instrumentuen adituaren hitzak erabili ditu Jon Maia Kukai dantza taldeko zuzendari, koreografo eta dantzariak. Eta instrumentu bat interpretatzeko bideari eutsi diote dantza konpainiako kideek Txalaparta ikuskizun berria pentsatu, sortu eta plazaratzeko. Otsailaren 3an eta 4an estreinatuko dute, Donostiako Viktoria Eugenia antzokian.

Instrumentua izateaz gain, «alternantzian musika eraikitzeko modu bat» da txalaparta, Maiarentzat. «Bi pertsonaren artean sortzen da doinua, eta, eraikitzeko modu horretan, biren artean sortzen dute biena den zerbait, baina aldi berean biena ez dena». Hain zuzen ere, kontzeptu horri eutsi dio Kukaik ikuskizuna sortzeko garaian. «Txalaparta instrumentu fisikoarekin eta harremanak izateko zein interpretatzeko modu horrekin jokatu dugu Txalaparta sortzeko».

Jon Maiak berak zuzendu du obra, baina ez da bakarrik aritu: Jesus Rubio artista madrildarra izan du prozesuan lagun. Are, Rubio arduratu da koreografia sortzeaz. Maiak azaldu du bi txalapartariren antzeko lana egin dutela bien artean: «Alternantzian eta elkarrekin eraiki dugu ikuskizuna Rubiok eta biok, txalaparta jotzerakoan gertatzen denaren antzera. Ia elkarrekin iritsi ginen txalapartaren gaira. Aspaldiko harremana genuen, nik neuk banuen buruan txalapartaren gaia sorkuntza lan baterako, eta kanpotik zetorren begirada batekin uztartu nahi nuen. Rubio ere antzeko puntuan zegoen, eta elkarrekin hasi ginen proiektuan».

«Alternantzian eta elkarrekin eraiki dugu ikuskizuna Jesus Rubiok eta biok, txalaparta jotzerakoan gertatzen denaren antzera».JON MAIA Koreografoa

Rubiok, gainera, aurrez bazuen harremana euskal kulturarekin. Izan ere, hainbatetan izan da Euskal Herrian esparru profesionala garatzen; besteak beste, Laboatik dantza obra sortu zuen 2013an. «Iruditeria ez zaio arrotza izan», esan du Maiak, «nahiz eta ikuskizunerako oso lan handia» egin behar izan duten. «Iturri esanguratsu ahalik eta zuzenenetatik edaten saiatu gara, bisita asko egin ditugu; hori laborategira eraman, eta lantaldearekin ondu dugu. Prozesu potentea izan da Txalaparta-ren sorkuntzaren aurreko guztia».

Hasiera baten hasiera

Aitor Etxebarria gernikarrak egin du Txalaparta-rako musika. Maiak zehaztu du txalapartaren eta musika elektronikoaren arteko elkarrizketa bat landu duela Etxebarriak ikuskizunerako.
 
Zazpi dantzari izango dira oholtza gainean: Alain Maia, Arantza Iglesias, Ibon Huarte, Izar Aizpuru, Nerea Vesga, Sua Enparantza eta Urko Mitxelena. Horiek dantzari baino askoz gehiago izango direla adierazi du zuzendariak: «Azken emaitzan ikusiko da prozesuan zehar egindako lana, baina dantzariak interpreteak izango dira, dantzari baino gehiago». Izan ere, Jon Maiak kontatu du lan handia egin duela taldeak, bai txalapartarekin, bai ahotsarekin. Musika instrumentuarekin harremana zuten gaiak Aitor Beltranekin landu dituzte, eta ahotsaren alorra Imanol Elizasurekin doitu dute. «Aspaldiko ezagunak ditugu biak. Oso lan garrantzitsua egin dute gure dantzariekin».
 
(ID_13507263) (/EZEZAGUNA) jon.maya
Jon Maia dantzari eta koreografoa, abenduan, errenterian. MENDI URRUZUNO

 

Viktoria Eugenia antzokikoa izango da estreinaldi biraren lehen geltokia. «Beste hasiera bat izango da. Egin ditugun hasiera guztietatik, beste bat. Kontzeptu hori gustatzen zaigu». Gainera, hastapen guztiek duten berezitasuna eta zirrara ez dute atzean utzi nahi izan oraingo honetan. «Gure lanari garrantzia ematen diogun bitartean, beti izango da zirrara hori. Txalaparta lan garrantzitsua da, apustu handia. Irrika handia dugu interpretatzeko. Urteak joan eta urteak etorri, zirrara mantentzea seinale ona da, gure lanari garrantzia ematen diogun seinale baita».

«Azken emaitzan ikusiko da prozesuan zehar egindako lana, baina dantzariak interpreteak izango dira, dantzari baino gehiago». JON MAIA Koreografoa

Kukai taldeak maiatz aldera aurkeztuko du Txalaparta etxean, Errenterian; Musikaste jaialdian, hain zuzen ere. «Ikuskizun guztiek errodajea behar dute, eta, nolabait esatearren, biraren errodaje fasea Donostian hasiko dugu, irrika, gogo eta ilusio handiz. Beraz, bere gorenean iritsiko da herrira ikuskizuna».

Maiak dioenez, itxuraz eta eszenografia aldetik «soila» izango da obra, eta gaineratu du antzekoak izango direla Leire Santillanek dantzarientzat propio eginiko jantziak ere. «Interpreteen itxura eta ikuskizunean duten pisua lagunduko duten jantziak dira Leirek egin dituenak, baina askotan soiltasunera iristea izaten da zailena. Ikuskizunaren osagarri izango dira jantziak. Interprete bakoitza oso ondo identifikatzeko modukoak».                                               

Dokumentuaren akzioak