Dokumentuaren akzioak
Txaikovskiren hiru suite dantzara eroan ditu Malandainek
Ballet Biarritzek 'Magnifique' lan berria estreinatuko du Donostiako Viktoria Eugenia antzokian
Asteburuan egingo du Malandain Ballet Biarritzek jendaurreko
estreinaldia Donostiako Viktoria Eugenian, balet konpainiaren eta
antzokiaren arteko lankidetzaren emaitza baita obra, Europako
Batasunaren Feder-Interreg IV funtsekin babesturiko proiektua.
Malandainek berak azaldu duenez, «barne lotura esturik gabe» lotzen da Magnifique
lana. Txaikovskiren suite orkestralek eta Petiparen koreografiek
sorturiko emozio eta sentipenak taularatu nahi izan ditu koreografoak,
sorburuko lanen «giro poetikoa» errespetatuz. «Errealaren eta
irudikaturikoaren artean, eta lehenaren eta orainaren artean» kokatu du
Malandainek berak eginiko dantza ikuskizuna, «norberak erabaki behar du
zer den ikusten duena, eta zer bere imajinazioak irudikatzen duena».
Errealaren eta irudikatuaren arteko dantza hori islatzeko
ispiluak erabili ditu Malandainek. Entsegu eta entrenamenduetan ohi
duten bezala, 16 dantzariek ispiluekin egingo dute dantza Viktoria
Eugenian, era horretan, 16 eman beharrean dantzan ari direnak 32 direla
irudikatu nahi du sortzaileak, ilusio optikoak sortuz.
Tailerra, ikuskizuna osatzeko
Miarritzeko baletaren emanaldiaren harira, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkarteak master class bat
eta Malandainen obrari buruzko tailerrak antolatu ditu. Dominique
Cordemans izango da larunbatean eta igandean emango dituzten
tailerretako arduraduna. Ikastaro praktiko horiek bereziki 12 eta 14
urte bitarteko baleteko ikasleentzat dira.
Dokumentuaren akzioak