Dokumentuaren akzioak
Turkiako Gökmeydan taldea gonbidatu du Kriskitinek
Uztailaren 24an, 22:00etan, Durangoko Andra Mariko elizpean eskainiko dute dantza ikuskizuna: Euskal Herriko dantzak eskainiko ditu Kriskitinek, eta euren herrialdeko folklorearen erakustaldia egingo dute dantzari turkiarrek.
Herrialde hartako gazteria Turkiako kulturan eta tradizioan hezteko, 2004an sortu zuten Gökmeydan elkartea. Emanaldian, Turkiako herrialdeetako dantzak biltzen ditu, eta horien adibide bat eskainiko dute Durangon. 2001. urtean antolatu zuen Kriskitinek Durangoko Nazioarteko Folklore jaialdia lehenengoz, eta harrezkero, urtero jarraitu du jaialdia prestatzen eta dantzaldia eskaintzen: “Kanpokoei etxekoa erakustea eta kanpokoa bertan, herrian, ikusgai jartzea” helburu hartuta.
Eskaintza berriak
Azken urteetan, sarri joan izan da Kriskitin Euskal Herriko eta Durangaldeko dantzak Europan eta Ameriketan erakustera. Joan zen asteburuan, adibidez, Segoviako nazioarteko jaialdian parte hartu dute, baina diru faltagatik eta dantzarien lan agendagatik, ezetza eman behar izan diote Siziliako jaialdi batetik jaso duten gonbidapenari.
Dokumentuaren akzioak