Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Turkia eta Benin, Debagoienean

Dokumentuaren akzioak

Turkia eta Benin, Debagoienean

Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdian parte hartuko duten bi talde gure ibarrean egongo dira asteon: gaur –martitzena–, Beningo Les AS du Benin taldea egongo da Arrasaten; egubakoitzean, aldiz, Turkiako Gökmeydan Halkoyunlari dantza taldeak egingo du saioa Bergaran.
Egilea
Txomin Madina
Komunikabidea
Goiena
Tokia
Arrasate - Bergara
Mota
Albistea
Data
2013/07/23
Lotura
Goiena

Domekan hasi zen aurten 39. edizioa izango duen Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdia. Elai-Alai kultur elkarteak antolatuta, zazpi taldek hartuko dute parte aurten, besteak beste, Kanada, Peru eta Errusiako Kalmukia Errepublikatik etorritakoak. Baina aurreko urteetan bezala, taldeek Portugaleten ez ezik beste herri batzuetan ere erakutsiko dute euren folklorea.

Debagoienera bi talde etorriko dira: gaur, Beningo Les AS du Benin taldea egongo da Arrasaten; egubakoitzean, aldiz, Turkiako Gökmeydan Halkoyunlari dantza taldeak egingo du saioa Bergaran.

Dantza erritualak

"Talde nahiko gaztea da, herrialdeko kultur talde garrantzitsuenetakoa", dio Elai-Alaiko presidente Gaizka Benguriak Les AS du Benin taldeari buruz. 1991an sortutakoa, Houetanou da Arrasatera ekarriko duen ikuskizunaren izena. Amaia Antzokian izango da dantza saioa, gaur, 22:30etan hasita.

Nolako dantzak egiten dituzten galdetuta, Benguriak dio dantza indartsuak direla: "Dantza erritualak dira, sakonak". Bere esanetan, akaso beste talde batzuen janzkerak deigarriagoak izango diren arren (talde afrikarrak ez du arropa asko erabiltzen), aurpegi eta gorputzeko makilajeak argi gehiago ematen die.

Turkiakoak, lasaiagoak

Turkiako Gökmeydan Halkoyunlari taldean, kideak Beningoak baino gazteagoak izan arren, taldea berriagoa da, 2004an sortutakoa. Euren errepertorioa herrialdeko eskualde ezberdinetako dantzek osatzen dute.

Hogei dantzari inguruk eta bi musikarik osatzen dute taldea, eta afrikarren dantzekin alderatuta, dantza askoz ere "lasaiagoak" egiten dituztela dio Gaizka Benguriak: "Horrek ez du esan nahi txarragoak direnik, guztiz ezberdinak baizik. Gainera, ez da ikuskizun monotonoa: musikak protagonismo gehiago hartzen duenean, nabari dira erritmo eta dantza aldaketak".

Turkiarrak egubakoitzean, hilaren 26an, egongo dira Bergaran. San Martin plazan izango da ikuskizuna, 19:00etan hasita.

Harrerarekin pozik

Diru aldetik urte onena ez den arren, Benguriak dio Portugaleteko jaialdia osasunez nahiko ondo dagoela, eta beste herrietara egiten dituzten irteerekin ere oso pozik daudela: "Herrietara ikuskizun ezberdina eroaten dugu; normalean ez da aukerarik egoten horrelakorik ikusteko. Gainera, egun bidaiatzea errazagoa izan arren, beti da ezberdina zure herrira etortzea: ez da hain erraza bidaian joan eta hango folklorea ezagutzea".

Elkarbizitzari esker, gainera, taldeek guretik ere ikasten omen dute. Izan ere, jaialdiak irauten duen denboran, talde guztiak eta antolakuntzakoak eraikin berean bizi dira, Portugaleteko Asti Leku ikastolan.

Turkiako taldea bergaran egongo da egubakoitzean.

Dokumentuaren akzioak