Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Trisha Brownen teknika eta obra dastatzeko tartea, Maitaldia jaialdian

Dokumentuaren akzioak

Trisha Brownen teknika eta obra dastatzeko tartea, Maitaldia jaialdian

Egilea
Ainize Butron
Komunikabidea
Gara
Mota
Albistea
Data
2010/09/19

Maitaldia jaialdia azken egunetan da asteburu honetan Biarritzen. Eta, dantzaren aniztasuna ezagutzera emateko duen xede horretan, festibalak, besteak beste, Trisha Brown egungo koreograforik «esanguratsuenetariko» batekin amaitzea erabaki du.

Ameriketako Estatu Batuetako «postmoderm dance» korrontearen bultzatzaileak Biarritzera hurbiltzerik izan ez bazuen ere, atzo bertan, lekuko dantzari amateurrek haren teknikaren berezitasunaz gozatzeko aukera izan zuten, konpainiako dantzariek eskainiriko bi orduko tailerrean.

Arte garaikidean, John Cage-ek musikan edo Rauschenberg-ek margolaritzan izandako eraginaren parekoa da Trisha Brownek dantza arloan duena. «Gaur egunera arte, beste dantzari eta koreografo askoren lanean eragina izan du Brownek», nabarmendu zuten antolatzaileek.

Desoreka eta naturaltasuna

Bere dantzaren berezitasuna gaur gauean Trisha Brown konpainiak eskainiko duen ikusgarrian ezagutzera emateaz gain, hogei bat dantzazaleei koreografoaren lana «dastatzeko» aukera eman zieten.

«Mugimendua eta gorputzaren pisuaren kontzientzia hartzea xede duten mugimenduak lantzen ditu Brownek. Gorputzaren desorekan oinarritzen du bere lana. Interesgarria da ikustea nola gauzatzen duen sorkuntza prozesu hori», goraipatu zuen atzoko tailerrean parte hartu zuen Johanna izeneko dantzariak.

Bi orduko tailer horretan «Trisha Brownen teknikan murgiltzeko» aukera izana preziatu zuten parte hartzaileek. Hatz txikiaren «lerroa sentitzetik» hasi, eta gutxika espazioan ibiltzeari ekin zioten. Mugimenduaren naturaltasuna, gihar multzo ezberdinen arteko lotura eta espazioan norberaren pisuaren kudeatze prozesua izan ziren, besteak beste, tailerrean landu zituzten teknikak.

Gaur gaueko emanaldian hiru obra azalduko dituzte Trisha Brown konpainiako dantzariek: «Foray Forêt», «You can see us» eta, «L'amour au théâtre». Horien artean, Rauschenbergek egindako eszenografia daukan ikusgarriak Biarrizko harmonia izango du lagun.

Gaur ere izanen da zerekin gozatu Maitaldian, eta, besteak beste, «Gigabarre» emanaldia izanen da eguneko hitzordu nagusietariko bat. Herritar guztiei dantzan hartzeko gomita luzatuko zaie bertan, eta, «urtez urte arrakasta handiena duen emanaldia» da «Gigabarre» delakoa. Haga erraldoi batean finkatuak, koreografo edo dantzari batek erakusten dituen urratsak ikasteko aukera ematen da. Gaurko emanaldian Gaël Domenger Ballet Biarrizko dantzari ohiak animatuko du Beñat Achiaryren boza eta txalapartaren doinuekin batera.

p059_f02_126x88.jpg

Dokumentuaren akzioak