Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Trikitixarekin erromeria egingo da Zerainen hilean behin

Dokumentuaren akzioak

Trikitixarekin erromeria egingo da Zerainen hilean behin

Lehendabizikoa igande honetan izango da, bolatoki berria inauguratu ondoren

Egilea
Felix Ibargutxi
Komunikabidea
Diario Vasco
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2004/01/29

Igande honetan hasita, hilean behin lehengo tankerako erromeria egingo da Goierriko herri horretan. Trikitilari batzuk agertuko dira bertara eta jendeak dantza egiteko aukera izango du. «Ez da ikusteko izango; jendeak dantza egitea nahi genuke», adierazi du Igor Elortza antolatzaileak.



«Herriko festa ospakizunetan dantzak izan duen sona berreskuratzea da ekimen honen asmo nagusia», Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak aditzera eman duenez. Izan ere, elkarte horrek uste du ikusleen parte-hartzea urrituz doala bai dantza-jaialdietan bai trikitixa-saioetan.



2004rako bederatzi erromeria antolatu dira Zerainen. Jende asko azaldu dadin, erromeriok festa edo ospakizun zabalago baten osagarri izango dira. Hasteko, igande honetan, bolatoki berria inauguratuko dute.



Beraz, urteko bederatzi igandetan, arratsaldeko 6etatik 8etara, elizatarian, erromeriaz goza-tzeko aukera eskainiko da. Hurrengo saioak otsailaren 29an eta martxoaren 28an izango dira.



Goierriko trikitixa eskolak lotu dira ekimen honetarako. Bestetik, inguruko herrietako dantza-taldeetako kideei ere eman zaie berorren berri, baina batez ere jende arrunta erakarri nahi dute antolatzaileek. Euskal dantzak izango dira oinarri -fandangoa eta arin-arin-, baina mundu guztiko dantzak ere izango dira, hala nola baltsak eta polkak. Saio guztietan Patxi Perez dantza-maisua egongo da bertan, ez dakienari erakusteko.



Trikitilari hauek joko dute, besteak beste: Koldo eta Arantxa Iparragirre, Alaitz Telletxea, Xabier Arakama, Amaia Zubeldia, Daniel Oiarbide eta Ruth.

Dokumentuaren akzioak