Dokumentuaren akzioak
Tradizionaletan tradizionalena
Tolosartasunez blaitzeko egunean, dena lerratu da, baita eguzkia ere. Lorentzok presente egon nahi izan du San Joanen omenez.
Andre Maria parrokian meza nagusia amaitu aurretik ere, zirrikitu gutxi zen plazan. Ukondoak ukondoen kontra, edozein txoko zen aproposa eguneko irudietako bat, begi ninietan gordetzeko. Horrelakoak baitira Tolosako sanjoanak, tolosartasuna puri-purian azaleratzen duten horietakoa.
Elizkoiek euren momentua izan dute. Meza Nagusian Santa Maria Musika Kaperak parte hartu eta meza amaitu bezain pronto kalez kale prozesioari ekin diote.
Dantzazaleek eurena ere izan dute, Udaberri Dantza Taldeko dantzariak plazaratzerakoan. Euren magia txuri-gorriz jantzi da gaurkoan, ohiturari men eginez, bordondantzariek hankak airean dantzatzen ere baitakite.
Andre Mari elizaren gerizpean, Udabaltza, kofradiak, elkarteetako eskopetariak, erraldoiak... guztiak bat egin eta banan banan bakoitzak bere bideari ekin dio eta Tolosako Alde Zaharra koloreen sigi-saga bihurtu dute. Tiro hotsak ez dira falta izan kaleetan gora eta kaleetan behera. Izan ere, elkarteetako eskopetariek ordenantzetako salbak bota dituzte.
Eguneko hurrengo geltokia Euskal Herria plaza izan da. Berriro ere, eskopetari konpainiak plazan bildu eta azken deskargak bota dituzte. Udalbatza betiere euren lana gertatutik jarraituz, oraingoan Topic-eko balkoitik.
Dokumentuaren akzioak