Dokumentuaren akzioak
Tradizioek hartu dute Arretxinaga, San Migel Egunean
Arrexe Kultura Batzordeak aurten Arretxinagako jaietako San Migel Eguna indartu nahi izan du. Tradizioei berebiziko garrantzia eman nahi izan diete eta horretara bideratu dute gaurko [irailak 29] egitaraua. Markina-Xemeindarrek, orain arte, ezin hobeto erantzun dute eta plaza bete dute.
Ohi bezala, mezagaz eman diote hasiera San Migel Egunari. Amaitu bezain laster bakoitza bere lekua hartzen joan da plazan, nagusiek aulkiak hatu dituzte eta gazteenek zutunik itxaron dute. Hain zuzen ere, Zerutxu Dantza Taldearen dantzaldia ikusteko gogo asko zituzten. Iaz, lehen aldiz, emakumeek Ezpata Dantza eta Mahai Gainekoa dantzatu zuten, egun handia izan zen, baina eguraldian ez zuen lagundu, euria egin baitzuen. Gaur [irailak 29], berriz, eguzkia nagusitu da eta karpa erraldoia ondo etorri da, baina eguzkiaz babesteko. Zerutxuko dantzariek ikuskizun ederra eskaini dute eta herritarrek txalo artean animatu dituzte etengabe, hasi eta buka. Irribarreak izan dira nagusi.
Usadio zaharrei jarraipena emango diete egun osoan zehar. Arratsaldea Mutriku Sokatira Taldeak Iparraldeko jokoan egingo ditu eta ostean herriko txikienek herri kirolak egiteko aukera izango dute. Nagusiei bideratutako eguna denez, gauean Puro Relajo igoko da oholtzara gauerdian Zerutxu Dantza Taldeak Mahai Gainekoa eskaini arte. Datorren egunetan ere asko dago egiteko Arretxinagako San Migel Jaietan.
Dokumentuaren akzioak