Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioari eutsiz, pauso bizian sartu dira emakumeak Durangaldeko plazetan

Dokumentuaren akzioak

Tradizioari eutsiz, pauso bizian sartu dira emakumeak Durangaldeko plazetan

Tradizioak aldaezinak direla diotenek estu heltzen diote dogma horri. Badira, ostera, sasoi berrietara moldatu arren inoiz baino biziago dauden ohiturak. Durangaldean bertan, badaude hainbat adibide esanguratsu: Dantzari Dantza, Errebonbilloak, Danborrada…
Egilea
Jone Guenetxea/Aitziber Basauri
Komunikabidea
Anboto
Mota
Albistea
Data
2018/10/05
Lotura
Anboto

Tradizioz gizonenak ziren plazetan emakumeen parte-hartzea handitu egin da. Errebonbilloak, dantzariak edo danborrariak dira protagonistak, ez gizon edo emakumeak. Genero ikuspuntutik, aldaketa “naturala” izan dela diote erreportaje honetako protagonistek. Naturala bai, baina ez berezkoa. Emandako pausoen fruitua izan da.

Dantzaren arloan, aldaketa apurka-apurka gertatu da. Dantzari Dantzan, gazteen taldeak parekideak dira hainbat herritan. Umeen euskal jaietan gero eta talde parekide gehiago irteten dira, aldaketaren erakusle.

Durangoko jaietan talde parekidea plazaratu zuten Kriskitinek, Txoritxu Alaik eta Tronperrik 2015ean. 2016an, Durangaldeko Ezpatadantzari Eguna ere inflexio puntu bat izan zen. Kriskitin izan zen Dantzari Dantzan talde parekidea plazaratzen lehena. 2017an, Mañariko Andra Mari taldeko neskek ezpatadantzari taldea atera zuten, eta Berrizko jaietan andrek parte hartzeko gonbita egin zuten. Hango eta hemengo mugimendu txikiek lurrikara sortu dute. Azken protagonistak Iurretako dantzariak izan dira. San Migel egunez, Durangaldeko plazarik zorrotzenean talde parekideak distira egin du.

Haize berriak
Antton Mari Aldekoa-Otalorak emozioz bizi izan zuen irudi hori. "Hunkitu egin ninduen San Migel egunari dagokion taldea ikusteak. Talde duina", dio orain 40 urte Iurretako dantzaria izan zenak. Orduan ez zen planteatu ere egiten halakorik. Baina gaiari heltzeko aukera sortu zenean ere ez zuten egin. "Emakume batzuek orain 15 urte bota zuten soka plazara, baina inork ez genion heldu. Baliteke orduan prest ez egotea", dio. Baina Iurretara ere heldu da haize-bolada hau. Iurretako dantzari beteranoak ez du uste ezer apurtu denik eta Joxan Artzeren olerkia gogoratu du: "Iturri zaharretik edaten dut, ur berria edaten, beti berria den ura, betiko iturri zaharretik".

Olerki hori ekarri du Marisa Barrenak ere gogora. Dantzek ez dute generorik Kriskitin taldeko kidearen ustean, eta, horregaitik, plazan andrek aukera berdinak izan ditzaten saiatu da. "Bidean aurkitu ditut harri koskorrak, izan ditut eztabaidak eta sortu dira beroaldiak iritzi desberdina dugunon artean", gogoratu duenez. Baina aldaketak ez dira berezkoak. "Bazterketaren tuneletik plazara irten aurretik hainbat gogoeta gune sortu ditugu bereizketarik bako tradizioa gura dugun gizon eta emakumeok", adierazi du. Orain, Dantzari Dantza parekidea natural ikusten da plazan, inor baztertu barik, eta horrek pozten du Barrena.

Iurretan, modu "naturalean", baina "txiri-txiri" plazan euren tokia hartzen joan dira emakumeak. Hala uste du Leire Aldekoa-Otalorak. Gizonezkoen soka-dantza emakume baten eskutik berreskuratu zuten eta 1973an Gorulari dantzak plazaratu zituzten. Nesken soka-dantza 1995ean kaleratu zuten eta 2014ko Urrijenan emakumeek ere parte hartu zuten, lehenengoz. "Dantzari Dantza parekidera heltzeko, aurretik pauso txiki baina etengabeak eman dira gizartea eraldatzen joan ahala, unean-unean pauso oso garrantzitsuak izan zirenak".

 

Errebonbilloak eta danborrada
Elorrion "normaltasunez" hartu zuten andren parte-hartzea Errebonbillo Egunean. 2003an batu ziren emakumeak taldera. Mikel Mendizabalen bigarren urtea zen Errebonbillo lez. "Parte har zezaketen galdetzera etorri ziren eta baiezkoa eman genien, normaltasunez". Plazara irten ziren eguna ere gogoan du Mendizabalek. "Plazan txalotuenak izan ziren".

Aurten 50 urte betetzen dituen Elorrioko danborradagaz ere antzeko egoera bizi izan zuten. Ordura arte gizonek betetzen zituzten lekuetan emakumeek parte hartzen hasi gura zutela planteatu zutenean, taldearen babesa izan zuten. "Gaur egun gehiengoa emakumeak gara, batez ere umeen danborradan", dio Mila Royok.

Dokumentuaren akzioak