Makila izan daiteke seguru aski gizakiak historian erabili izan duen tresnarik zaharrena. Edozein harriri forma eman edo erremintaren bat sortu baino lehen, eskura izan zuen lehen gauza. Makil batekin ehizatu, babestu, eraso egin edo marraztu zitekeen, beste hainbat gauzaren artean. Botere ikur ere izan zen denbora luzez. Euskal Herrian ere, urrun joan gabe, mandatariek makila erabiltzen zuten bere garrantziaren erakusgarri. Eta, horrez gain, dantzarako ere erabili izan ditugu makilak eta erabiltzen ditugu oraindik.

Egur zati batek izan dezakeen sinbologia guztia bere eginez, Hika Teatroa konpainiak, Oinkari Dantza Taldearekin batera, Makil Hotsak ikuskizuna sortu dute. Egileen esanetan: gizatasunez betetako mundu aske batekin amets egiten duen edonori zuzenduta dagoen diziplina anitzeko ikuskizuna da. “Berez, Makil Hotsak ikuskizunak, Euskal Herriko eta inguruko makil dantzak ditu motor, baina diziplina anitzeko ikuskizuna da, non memoria historikoari helduz, 80. hamarkadako intsumisio mugimenduak gogora ekartzen dituen, gaur egungo gizarte beliko eta eskuin indarraren gorapenaren erantzun bezala”, azaldu du Agurtzane Intxaurraga zuzendariak. Baina, ez da obra honek aldarrikatu nahi duen gauza bakarra, Intxaurragak argitu duenez, “horrez gain, lurretik aldendu egin garela hausnartzen dugu ere. Lurrari dei egin eta egungo egoera alderatzen dugu. Lurra bai, gerra ez”. 

Hika Teatroa konpainia, Oinkari Dantza.

Hika Teatroa konpainia, Oinkari Dantza. UNAI LIZARTZA

Intxaurragak erein zuen lehen hazia: “Beharbada nik neuk oso ondo gogora-tzen nuelako garaia”. Bere inguruko lagun asko intsumiso egin ziren eta denbora hartan objektore mugimenduak indar handia izan zuen; oraingo gazteek ez dakiten zerbait, hain zuzen. “Gaur egungo gazteek ez daukate erreferentzia hori eta uste dut gogora ekarri behar dugula. Gizarte zibilak, desobedientziaren bidez gauza asko lortu ditu, eta jarraitu behar du lortzen. Oso gertuko gauza egin zitzaidan eta pentsatu nuen gazteek ez zutela ezagutzen mugimendu hori. Esan nuen: hauxe eraman behar dugu kaleetara, batzuentzat oroimenean atzera egitea izango delako eta garai horiek bizi izan zituztelako; beste batzuentzako, zer gertatu zen iraganean erakustea izango da eta nola lortu ziren gauzak edo helburuak”, sortzaileak dioenez.

SONORITATEA

Izenburuak adierazten duen bezala, makilak dira ikuskizunari zentsua ematen dioten objektuak, nahiz eta obra ikurrez betea egon. “Egin duguna da ikerketa bat makil dantza ezberdinen inguruan. Batzuk makil luzeak erabiltzen dituzte. Guk txikiak eta luzeak erabiltzen ditugu. Hainbat dantza ikasi genituen: Otxabi, Korte, Zuberoakoa, Bizkaikoa,.. baina gero, azkenean, pixka bat dekonstruzio bat egin dugu: dantzategi hori gure beharretara egokitu dugu, geure molde propioa sortuz. Batez ere makil luzeak erabiltzen ditugu, baina esango nizuke gehiago momentu ilunetarako, gerretarako; eta, makil txikiak gehiago naturari lotutako momentuetarako. Makil luzeak, hala ere, lan tresna bezala ere erabiltzen ditugu”, Intxaurragaren hitzetan. Makilekin sonoritate berezi bat lortu dute ikuskizunean, Garazi Navasek sortutako “mundu sonoro potente batek lagunduta”. Makilek soinu berezia dute elkarren kontra edo lurraren kontra jotzean. Horrek ere beste geruza bat ematen dio ikuskizunari. Horrez gain, estetikoki sortzen diren dantzen bidez edo mugimenduaren bidez, eszenografia bat ere badago. “Asko jo dugu kultura ondarera. Badago irudi bat gizon probena, gaurkotu egin duguna, eta geureratu egin duguna beste modu batean. Asko jokatzen dugu kantutegiarekin ere, Santa Ageda edo Pier Paul Berzaizen Baratze bat kantuarekin, adibidez. Kultura ondarea gure egiten dugu.”

 Jendearen partaidetzak ere garrantzia handia dauka lan honetan, feed back moduko bat bilatzen baitute. Aipatutako abestiek asko laguntzen dute lan horretan, baina horrez gain, aldiro emanaldi guztietan saiatzen dira Hika Teatrokoak sormena aurkezten duten lekuko kantu, talde edo abesbatzen parte hartzea izaten. “Kantu edo melodia ezagunak direnez, jendeak kantatu egiten ditu. Tradizioa aldarrikatzen dugu, baina gaurkotuta eta berriz interpretatuta”. 

Horrez gain, aplikazio bat dute, Txalometroa izenekoa, eta hor emanaldiro eskatzen diote publikoari bertan sar-tzeko eta bere iritzia emateko. “Bost galdera erraz dira, termometro bat bezala erantzuten dira, oso modu errazean; baina, garrantzitsua da guretzat, horrela herri bakoitzeko datuak jasotzen ditugulako”. Hurbiltasun hau berresteko irailaren 20an Lezon solasalditxo bat egin zuten eta berriro egingo dute Beasainen urriaren 2an. “Bukatu eta jarraian, espazioan bertan, aditu desberdinekin 80. hamarkadaren memoria berreskuratu nahi dugu. Interesgarria iruditzen zi-tzaigun obra bukatu eta publikoarekin harremantzea modu horretan”.