Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioarekin harritzea lortu du aurten ere Kemen Dantza Taldeak

Dokumentuaren akzioak

Tradizioarekin harritzea lortu du aurten ere Kemen Dantza Taldeak

Aurten ere ezinezkoa dirudiena lortu du Kemen Dantza Taldeak Hondarribiko jaietan, tradizioarekin harritzea. Ohiturari fideltasunari erakutsi arren, urtero erabat aldatzen dute dantza sorta eta publikoak asko eskertzen du hori. Arma Plazan jarri zituzten eserleku guztiak bete ziren eta jende asko zutik jarraitu zuen dantzarien jarduna eta gozatu zuten irundar eta hondarribiarrez osaturiko dantzari taldeak prestaturiko saioarekin. Euskal Herri osoko dantzak taularatu zituzten, bakoitza dagokion jantzia soinean zutela.
Egilea
Asier Perez-Karkamo
Komunikabidea
Oarsoaldeko Hitza
Mota
Albistea
Data
2014/09/10
Lotura
Oarsoaldeko Hitza

Aurreko uurtean ez bezala, atzo eguraldiak lagundu zien Kemenekoei, eta hilabetetan mimo handiz presturiko ikuskizuna behar bezala burutzeko aukera izan zuten. Hiru taula altxatu zituzten, eszenatoki handia dantzarientzat, eta bi taula txikiago alboetan, musikari taldearentzat bat, eta koruarentzat bestea.

Musika asko zaintzen dute Kemenekoek eta aurten Atzokoak abesbatzaren laguntza izan zuten. Hainbat doinu abestu zituzten, batzuk dantzarien lana laguntzeko, beste batzuk musikarekin soilik. Eguzkiaren izpiak ezkutatzen joan ziren heinean, abeslarien itzalak islatzen hasi ziren gazteluko murruan eta ikuspegi ederra eskaini zuten.

Euririk egiten ez duenean, gune bikaina da Arma Plaza kultur ekitaldietarako, eta atzoko emanaldia halakoa izan zen, bikaina. Saioa bukatzean, publikoak txalo askorekin agurtu zuen koruaren eta musikarien lana, baita, noski, dantzariena ere.

Kemen Dantza Taldea

Kemen Dantza Taldeak atzo Arma Plazan emandako saioko une bat.

Dokumentuaren akzioak