Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizioan, zaharrak berri

Dokumentuaren akzioak

Tradizioan, zaharrak berri

Arineketan taldeak bigarren proiektua du 'Zaharrak berri'; txistuaren, ahotsaren eta pianoaren arteko elkarlana du oinarri, eta, diskoan ez ezik, liburu formatuan ere plazaratu dute emaitza.
Egilea
Garbine Ubeda
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2024/01/12
Lotura
Berria

(ID_13477550) (Iñigo Uriz/@FOKU) 2023-01-08, Donostia. Arineketan taldeak \'Zaharrak berri\' proiektua aurkeztu du

Jagoba Astiazaran eta Iñar Sastre. Jantziak Klara Elizondok diseinatu dizkie. IÑIGO URIZ / FOKU                                                  

 

Izenburu bihurturiko esaerak azaltzen duen moduan, lehengoa du nobedade Zaharrak berri lanak. Arineketan taldeak aurretik plazaratutako diskoaren ardatzean dabil, hau da, ondarea gaurko moldeetara ekartzea du helburu, baina lehengaiak bihurtzen ditu biak ezberdin: hura euskal dantzen erritmo eta doinuetan murgildu zen, eta azken honek, berriz, kantu herrikoiei heldu die. Bihar aurkeztuko dute jendaurrean, Donostiako San Telmo museoan, Haatik dantza taldearekin batera, eta diskoan parte hartu duten zenbait kolaboratzailez lagunduta.

Arineketan taldeak aspaldiko bi musikari adiskide ditu atzean: Iñar Sastre (Irura, Gipuzkoa, 1986) eta Jagoba Astiazaran (Zestoa, Gipuzkoa, 1986), piano jotzailea eta txistularia, hurrenez hurren. Elkarrekin lanean arituak dira biak, baina propio haienak ez ziren esparruetan; esate baterako, Sastre baterian eta Astiazaran bera pianoan; «norbere ibilbidean begiz jotako musika tresna kontuan izan gabe, behintzat», txistulariaren hitzetan.

Dantza talde batean jotzen ari zirela piztu zitzaien ondarea berritzeko grina, 2020an. Alabaina, ez zuten «museorako lana egin nahi, plazara eta dantzara ateratzekoa» baizik. Astiazaranek azpimarratu bezala, «espero gabeko arrakasta» erdietsi dute lehen disko hari esker, Euskal Herriko txoko askotatik deitu baitiete kontzertu eske hiru urteotan.

«Ez genuen museorako lana egin nahi, plazara eta dantzara ateratzekoa baizik».

JAGOBA ASTIAZARAN Txistularia

Zaharrak berri proiektua lehen lan horren ibilbidearen osteko pauso naturala dela esan liteke, eta hori bera islatu nahi izan du Jon Ander Artola diseinatzaileak azalean. Astiazaranek azaldu du: «Lehen azala apurtu, eta urraduraren atzean berria ageri da, esanez Arineketan ez dela aldatu».

Diskoa eta liburua

Ironiaz mintzatu da Astiazaran: «Esaten dute diskoak ez direla saltzen, gero Durangon hala ez dirudien arren». Arineketan taldeak, ordea, denei egin nahi izan die keinua, «bai diskoak jartzen dituztenei, bai eta musika bestela entzuten dutenei ere». Modu immateriala nahiago luketen horientzat, «Internetetik deskargatzeko bidea ematea litzateke errazena», Astiazaranen aburuz; «eta horrekin, kito, helburua beteta legoke». Proiektua, ordea, «ondareari balioa emateko sortu zen», eta hain zuzen horregatik heldu zioten liburuari ere. Sastrek esan duenez, kantu bakoitzak bere hitzak, azalpena eta partitura izango ditu liburuan, «doinuak nola abiatu diren eta nondik nora doazen jakin dezan jendeak». Jose Ignazio Ansorenak eta Ainhoa Ansak lagundu diete idazketan. Gauzak argitze aldera, liburua eta diskoa ez doaz batera ezinbestean; bi produktu dira.

Abestiak aukeratzeko garaian, Astiazaranek esan du hainbat irizpide hartu dituztela kontuan: «Hasteko eta behin, abestiak jolaserako aukerarik ematen ote duen, edota pianorako eta txisturako moldatu ote litekeen». Bestalde, erdi galduta dauden abestiak edo ezagunak izanagatik ere haien ustez beste bizialdi bat merezi luketenak hobetsi dituzte.

Diskoaren grabaketa dela eta, lehen saioak Sastrek berak egin zituen otsailean, Bilboko kontserbatorioan. Gero «txistu batzuk eta Mikel Urdangarinen ekarpenak» grabatu zituzten Xabi Aburuzaren estudioan, baina gonbidatu gehienen lana Oiartzungo (Gipuzkoa) Lezotin grabatu dute. Kolaboratzaile horien artean dira Olaia Inziarte, Idoia, Ansa ahizpak, Eñaut Ortega, Beñat Gaztelumendi, Odei, Nogen eta Rosalind AEBetako taldea. Unai Mimenza soinu ingeniariak koordinatu du lana, eta hamahiru pieza osatu dituzte guztira, «pop, jazz, rap... oso estilo ezberdinekoak eta oso kontrastatuak», Sastreren arabera.

«Gaurko dantza asko aldendu egin dira tradizionaletik, eta, hemen, modu eguneratuan, baina lehengora jotzen da berriz; alegia, zortzikoetara eta porrusaldetara».

IÑAR SASTRE Piano jotzailea

San Telmoko estreinaldirako aldez edo moldez ekarpena egin duten horietarik asko batu nahiko lituzkete. Formatu berezia izango du, estreinaldirako espresuki landua; izan ere, «kontzertua emateaz harago, diskoa aurkeztea, alegia, kantu guztiak jotzea eta banan-banan azaltzea» izango dute helburua, Astiazaranek esan duenez. Zuzenekoetan, Ainara Ortegaren (ahotsa), Xabier Zeberioren (biolina) edota Agate Amilibiaren (biolontxeloa) laguntza izango dute, baina, halere, hainbat abesti ezingo dituzte jo, eta beste hainbat, berriz, moldatuta eskaini beharko dituzte. Gainera, «Haatik taldearekin arituta, dantzak pisu handia» izango duela esan du Astiazaranek.

Bestalde, dantzari ugarik Arineketan taldearen lana balioesten duela azaldu du Sastrek: «Gaurko dantza asko aldendu egin direlako tradizionaletik, eta hemen, modu eguneratuan, baina lehengora jotzen da berriz; alegia, zortziko, porrusalda eta gainontzekoetara».

Agurtzane Garai San Telmo museoko proiektu arduradunak «ondarearekin jolaserako grina» txalotu die Sastreri eta Astiazarani. Haren ustez, «lan bikaina da, eta ondareari beste era batera begiratzeko aukera ematen du».

perlatxoak

  • 'Zaharrak berri'. Abestiak txistua eta rapa elkartzen ditu Odeiri esker, eta, hain zuzen, tradizioa berritzeari buruzkoa da. Bideoklipa ere egin dute abesti hori oinarri hartuta. 
  • 'Beltzarana'. Zortziko klasikoa da. Astiazaran: «Garai bateko langile beltzaranek aberaskume azal-zuriei zuzenduriko hitzak ditu. Gaur beltzaranak beste batzuk diren arren, kantak antzeko zentzua du».
  • 'Amama Xole'. Astiazaranen amona du protagonista, duela 40 urte sukaldean kantari ari zela egindako grabazioa baitu oinarri. Sastreren pianoa erantsi diote gainetik.

Dokumentuaren akzioak