Dokumentuaren akzioak
Tradizioa bizkarrean
Ezarian. Inauteriak
Poliziak daude herri sarreran zirkulazioa kontrolatzen, baina kito da legea Ituren, Aurtitz eta Zubietan (Nafarroa). Heldu da salbuespena: inauteriak dira. Zaharra da ohitura, antzinatetik datorrena. Erritual bat da: joareak, larruak, ttuntturroak eta isipua hartuta, ohitura zaharrak berritzeko garaia. Tradizioa bizkarrean hartu, eta kalera ateratzekoa. Asteburuan hasi ziren, baina atzo izan zen lehen egun handia. Zubietako eta Aurtizko joaldunen bisita jaso zuten Iturengoek. Eguzkirik izan ez arren, eguraldi ona egin zuen, eta jendetza bildu zen inauteriak ikustera. Itzuli egingo diete kortesia gaur iturendarrek auzoei. Bitartean, baita ondoren ere, festa: jana, edana eta joare hotsa.
Kultur interesko ondare izendatu zituen 2009an
Nafarroako Gobernuak inauteri horiek, baina ez omen du horrek aldaketa
handirik ekarri. Zubietako elkartean gosaldu aurretik azaldu du Tomas
Ibarrak inauterietan egiten dena. Zehaztasunez mintzo da, kopuru
konkretuetan. «Larunbatean hasi ginen, eta egunero-egunero hiru otordu
egiten ditugu, asteazkenean afariarekin inauteriak bukatzen diren arte.
Hamahiru otordu, guztira». Baina ez da zorroztasunik. Eguerdia pasatu da
jadanik, eta gosaltzen hasi gabe dira oraindik. Kezkarik ez du Ibarrak:
«Ordutegia arrunt flexiblea da hemen».
Joareak jantzi, saskiak
hartu, eta eskean joan dira gero herriko bi gazte, musikari eta herritar
batzuekin. Gerrena etxez etxe urdai eta txistorraz bete nahian.
Herritarrentzako eguna da astelehenekoa Zubietan. Haiei tokatzen zaie
Iturenera joatea, eta, horregatik, kanpoko jende gutxi izaten da.
Asteartean betetzen dira elkarte, ostatu eta kaleak, iturendarrak
heltzean. Urtero izaten da hala, eta baita aurten ere. Aspaldiko kontua
da, baina aldian-aldian berritu beharrekoa.
Iraganekoa beste da
gaurkoa, izan ere, inauteria; eta gaurkotasunak ere beti izaten du
zirrikiturik. Telebistaren digitalizazioa izan da aurten nobedadea.
Zubietan, herritarrek jadanik ezertarako balio ez duten telebista
zaharrak hartu, eta kalera atera dituzte. Haiekin jantzi dute herria.
Zintzilik jarri dituzte hamaika txokotatik. Dekorazio gisa-edo. Orain
arte ostatu aurreko palmondoa zen herriko zuhaitzik bereziena, baina
zubietarren ekintzari esker espezie berria sortu da herrian: telebistondoa.
Aurtitzen
ere antzerakoa da giroa; herritarren artekoa. Iturengo auzoa da berez
Aurtitz, baina besterik dio Garikoitz Aioroak: «Auzo garela diote, bai,
baina gu ez gara hala sentitzen; errepublika independentea gara».
Aurtiztarrez beteta dago elkartea, zahar eta gazte, haur eta nagusi, eta
nekez uka liteke Aioroak aipatutako herri sentimendu hori.
Gizonak
dira, gehienak, mahaiaren bueltan, eta emakume eta neska gazte batzuk.
Emakume ezkondurik apenas, gosaltzen dabiltzanen artean. Ez omen da
ohikoa, eta Ainhoa Baleztena da salbuespenetariko bat. «Senarra utzi dut
haurrekin. Ni naiz inauterietan aterako dena». Ez du, ordea, joarerik
jantzi. Nabarmen gutxiengo dira oraindik hori egiten duten emakumeak.
Anekdota, kasik. Bat ere ez da atera aurten Ituren eta Aurtiztik, eta
bakar batzuk baino ez Zubietan. Mozorroak, bai, asko dira mozorroak
janzten dituzten neskak.
Inauterien argazki osoa
Bestelakoa
da giroa Iturenen. Nekez dabiltza herriko etxeko sabaian Jabier Bereau
eta lagunak joaldunak janzten. Jendetza bildu da, inauteri
astelehenenetan ohi denez. Argazkilariak, kazetariak, bisitariak...
«Ohituta gaude jadanik», dio jantzi berria den Hasier Bereau joaldunak.
«Garai batean ez zen hala izaten, baina egun jende asko izaten da, bai,
baina denok onartzen dugu, nik uste». Joareak jo ez ezik adarra ere jo
ohi duen Lazaro Erregerenarenak dira hitzak.
Berak egiten du
lehen deia, eta martxan jartzen dira Iturengo joaldunak. Herrian zehar
dabiltza lehenik, txarangarekin batera puskak biltzen, eta Lasaga auzora
doaz gero. Han elkartzen dira Ituren eta Aurtiztik atera direnekin.
Orduan hasten da burrunba: 31 joaldun Iturendik, 20 Zubietatik eta 14
Aurtiztik. Eta mozorroen motozerra, mailukadak, hartzaren jauzi,
jendearen oihu eta zarata gehitu behar joareen hotsari. Denak batzen
dira Iturengo plazan, eta orduan ikus daiteke inauterien osotasuna.
Errituala bere gorenean. Orduan hartzen dute benetan aspalditik datozen
inauteri horien argazki osoa bisitarien azken belaunaldiko iPhonek.
Zubietako eta Aurtizko joaldunak, Iturengo Lasaga auzorako bidean. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS
Joaldunak ez ezik, mozorroak ere ibili ziren Iturengo plazan atzo, bat baino gehiago izutuz. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP
Gazte bat, joare eta larruekin. / JUAN CARLOS RUIZ / ARP
Jendetza izan zen Iturengo herriko etxean. / J.C. RUIZ / ARP
Gaztetatik hasten dira umek joareak janzten. / JUAN CARLOS RUIZ / ARGAKZI PRESS
Dokumentuaren akzioak