Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tradizio berriak sortuz

Dokumentuaren akzioak

Tradizio berriak sortuz

Hiriburuetan ez daude beste herri batzuetako pertsonaia eta ohitura historikoak, baina, gazte zein heldu, hainbat dira asteburuan mozorrotu eta kalera ateratzen direnak.

Hiriburuetara biltzen direnek ere inauterietako festa giroaz gozatzeko aukera izango dute. Izan ere, ekitaldiz betetako egitarauak antolatu dituzte: mozorro lehiaketak, txokolate jateak, kontzertuak... Eguraldiak laguntzen badu, milaka lagun biltzea espero dute.
Egilea
Asier Arrate Iruskieta
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2018/02/08
Lotura
Berria
Baionan gaur hasiko dira inauterietako ospakizunekin. Eskoletako haurrek inauteria ospatuko dute, eta magia emanaldia egongo da Lauga gelan haientzat. Egun handia, ordea, larunbata izango da. 15:00etan, Roland-Barthes zelaigunean elkartuko dira zanpantzar, hartza eta beste pertsonaia batzuk, eta kalejira egingo dute hiriko kaleetan, besteak beste, danborradaz eta txarangez lagundurik. 19:00etatik aurrera, hiriko elkarteek antolatuta, Karnabalkada ospatuko dute.

Bilboko aratusteetarako ekitaldi ugari antolatu dituzte udalak eta Bilboko Konpartsek. Inauteriei hasiera emateko, kalejira egingo dute gaur, 20:00etan, Zazpikaleetan, eta horren ostean kontzertuak egongo dira Plaza Barrian. Egun handiak, ordea, bihar eta etzi izango dira. Arratsaldean, Farolin eta Zaranbolas pertsonaien atxiloketa eta epaiketa antzeztuko dute. Konpartsek aukeratuta, Mikel Martinez aktorea izango da Farolin eta La Basu rap abeslaria Zarambolas. Larunbatean ere ekintza ugari antolatu dituzte hiri osoan.

Konpartsen desfileak

Momo jainkosak emango die, gaur, hasiera Donostiako inauteriei. Jainkosaren aurkezpenaren ostean, desfileetan parte hartuko duten konpartsak aurkeztuko dituzte Illunben. Egun handiak, ordea, larunbata eta igandea izango dira; 17:00etan, desfilea eta lehiaketa egingo dute konpartsek eta karrozek. Bulebarretik abiatuta hiriko erdiguneko kaleak zeharkatuko dituzte. Larunbat arratsaldean, 19:00etan, antzinako konpartsak aterako dira. 

Gasteizen, larunbata izango da egun handia. Egun horretan konpartsek desfilea egingo dute hiriko kaleetan. Adin guztietako 25 konpartsak hartuko dute parte. Desfilea bukatuta, jaiak gaueko ordu txikietara arte iraungo du Berimba Samba batukada taldearen eta Kresala taldearen eskutik.

Iruñean, alde zaharra izango da inauterietako ospakizunen erdigune. Bihar hasiko da jai giroa Mari Trapuren pregoiarekin eta osteko kalejirarekin. Larunbatean ere kalejira egingo dute, 18:00etan. Egun guztietan kontzertuak, umeentzako jolasak eta txokolate jatea egongo dira. Astelehenean, Mari Trapu erreta amaituko dira festak.

Lagun talde bat, Bilboko Kale Nagusian egiten den desfilean.

Lagun talde bat, Bilboko Kale Nagusian egiten den desfilean. MONIKA DEL VALLE / ARP

 

Dokumentuaren akzioak