Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tomas Ugaldebere: “Eskola hedatuz aritu garela dio abestiaren leloak, eta hala izan da”

Dokumentuaren akzioak

Tomas Ugaldebere: “Eskola hedatuz aritu garela dio abestiaren leloak, eta hala izan da”

Tomas Ugaldebere; Eskola elkarteko presidentea.

San Sebastian eguna berezia izango da aurten Eskolarentzat; 75. urtemugaren ospakizunak abiatuko ditu elkarteak, danbor hotsen artean.
Egilea
Estitxu Zabala
Komunikabidea
Irutxuloko Hitza
Mota
Elkarrizketa
Data
2015/01/16
Lotura
Irutxuloko Hitza

Koruko Ama Birjinaren Eskola, horixe da Eskola elkartearen izen ofiziala. Juan Urteaga organistak jarri zuen egungo elkartearen oinarria, 1940ko apirilean, abesbatza batekin, eta aurrerago dantza taldea batu zitzaion. Urteurrena ospatzeko, 2015eko hilabete bakoitzean zerbait berezia egiteko asmoa du Eskolak. Hala, datorren asteartean, Eskolaren ereserkia estreinatuko dute, danborradaren irteeran, 17:00etan. Irutxuloko Hitzari xehetasun guztien berri eman dio Tomas Ugaldebere presidenteak (Erdialdea, 1974).

Danborradarekin ekingo diezue ospakizunei. Berezia izango da, ezta?
Bai, Eskolako ereserkia inauguratuko dugu. Juanjo Oconek sortu du, eta kantatu, dantzatu eta danbor eta upelekin jo daiteke. Oso biribila da, eta Eskolaren muina oso ongi islatzen du. Hitzak nik jarri dizkiot, eta 75 urtez Eskola hedatuz aritu garela dio abestiaren leloak, eta hala izan da. Elkartearen sailik berriena da danborrada, 2012an sortu genuen, eta 150 kide ditu. Eskolaren izaerarekin bat egitea nahi genuen. Beraz, sukaldariz ateratzen gara, bai gizon eta bai emakumeak, eta emakumeek badute urketariz ateratzeko aukera ere.

Zer ospakizun gehiago egingo duzue?
Hilabetero zerbait egiteko asmoa dugu, batzuk deigarriagoak eta beste batzuk xumeagoak: Ekainean, Bulebarrean, erromeria bat egingo dugu, eta 75 fandango eta arin-arin jarraian egitea lortu nahi dugu; Entsegu irekiak ere egingo ditugu; Aste Nagusiko dantza emanaldia berezia izango da; eta azaroan, beste emanaldi bat egingo dugu Kursaalen, Eskolatik igarotako belaunaldi guztiak batuz. Urtemugaren egun zehatza apirilaren 10a da, eta hortik bi egunera, Santa Mariako meza nagusian parte hartuko dugu. Erakusketa bat ere badugu buruan eta urteurrenerako sortutako materiala ere salgai dugu gure webgunean, logotipo berriarekin. Orain, mendeurrenaren bila goaz, hori argi dago.

Juan Urteagak sortutako abesbatza izan zen egungo elkartearen sorrera. Nolakoa izan zen hasiera hura?
Juan Urteaga Balmasedan jaioa zen eta Santa Maria elizan organista postua lortu zuen. Basilikak abesbatz bat ere behar zuen, eta Urteagak sortzea erabaki zuen, 1940ko apirilaren 10ean. Hasieran gizonezkoak ziren, gero emakumeak eta haurrak sartu ziren. Lehen urteetan 300 ahots inguru elkartzen ziren Santa Marian, Schola Cantorum de Nuestra Señora del Coro izenarekin. Musika erlijiosoarekin lortu zuen ospea bereziki, eta asko bidaiatu zuen. Gero, 1950. hamarkadan, dantza talde baten beharra sentitu zuten, eta hala sortu zuten.

Zerk osatzen du gaur egun Eskola?
Abesbatza eta dantza taldea da Eskola, baina haurren dantza taldea, Inauterietako konpartsa eta danborrada ere baditu. Abesbatzak 50 kide ditu; dantza taldeak 35; eta haurren taldeak 55. Guztira, ia 400 lagun gara.

Dantza taldea tradiziotik jaio zen, baina aldatuz joan da.
Bai, dantza taldeak beti izan du euskal folklorea oinarri. Zorte ona izan dugu, oso zuzendari artistiko onak izan ditugulako, eta koreografietarako joera handia izan dute. Urteen poderioz, koreografiak folkloreak adina garrantzia hartu zuen; eta momentu honetan koreografiak dira gainerako folklore tradizionaleko dantza taldeetatik desberdintzen gaituztena. Gurekin 40 urte daramatza Josetxo Fuentes koreografoak eta esango nuke berak eman diola orain duen nortasuna taldeari. Orain, urtebete baino gehiago darama Orreagari buruzko koreografia bat prestatzen.

Abesbatzak kantu erlijiosoa bakarrik egiteari ere utzi zion.
Bai, dantza taldearen antzeko historia du. Juanjo Oconek ekarri zuen bere jakinduria osoa, eta ordura arteko programa modernizatu egin zuen, aberastuz.

Inauterietako lorezainen konpartsa nondik dator?
Eskolak beti parte hartu izan du Inauterietan, 1979tik; baina 1999an, Jose Antonio Antero Groseko kaldereroetako buruak Josetxori esan zion 1863ko konpartsa baten partiturak topatu zituztela, eta interesgarria litzatekeela horri irtenbide bat ematea. Josetxok erronka hartu eta konpartsa egin zuen. Arrakasta handia izan zuen, eta gure ilusioa izan da beti Donostiako Inauteri tradizionala errekuperatzea, eta hor aukera ikusi genuen. Erreferente bat izatea lortu dugula uste dut, oso jantzi deigarriak dira, oso koloretsuak, eta musika bandak zuzenean jotzen du. Gaur egun, 50 lagun inguru ditu, eta nahi duenak parte har dezake, jantzia egitea da baldintza bakarra.

Urtean zehar badituzue emanaldi ziurtatu batzuk, ezta?
Bai, Aste Nagusian Konstituzio plazako dantza emanaldia; eta abesbatza txistularien alardean aritzen da. Iraila hasieran, Gaztelu Eguna dugu, abuztuaren 31ko desfilean. Horretaz, gain, beste dantza talde batzuekin batera, Olatu Talkako Dantzaluze jardueran parte hartzen dugu. Urteko beste jarduera garrantzitsuetako bat Inauterietako lorezainen konpartsa da; jendea gure bila ibiltzen da.

Baduzue pieza kuttunik?
Gernika koreografia oso eredugarritzat dugu; edo Josetxoren lehenengoa, Euskal Musikaren Gorespena. Jendeak beti eskatzen ditu, eta asko pozten gaitu. Bestalde, Eskola abesbatza bakarrik zenean, oso garrantzitsua izan zen Amaia opera.

Tomas Ugaldebere, Eskola

(Argazkia: Estitxu Zabala)

Dokumentuaren akzioak