Dokumentuaren akzioak
Tolosaldea Villabonako Oinkari Dantza Taldeak "Dantza zak plazan" estreinatuko du
Azaroan 35. urteurrena ospatuko dute eta egitarau zabala prestatu dute
Oinkari dantza taldeak dagoeneko prest du 35. urteurrenaren harira azaroan egingo dituen ekintzen egitaraua. Hala, argazki erakusketa, emanaldiak, bazkaria eta taldeko mutilek Dan-tza zak plazan estreinatuko dute.
Hilaren 19tik 21erako asteburuan ospatuko dute urteurrena. Azaroak 14tik 21era bitarte, aldiz, Oinkariko argazki zahar nahiz berrien erakusketa izango da ikusgai Aljibe aretoan (pilotaleku atzean). Hilaren 19an kantaldia izango da Gurea zineman, Iñar eta Leirerekin eta 20an La Sidrina dantza taldeak (Lugones, Asturias) dantza emanaldia eskainiko du Gurean baita.
Hala ere, Oinkari dantza taldeak hitzordu berezia izango du hilaren 21ean. Taldeko mutilek Dantza zak plazan ikuskizun berria estreinatuko dute eguerdian Malkar plazan. Oinkari dantza taldeko arduraduna den Eneko Arteaga aspaldian zebilen taldeko mutilekin emanaldi propioa egitekotan. "Irakasle bezala helburu argi bat dut: mutilak bereziki zaintzea, izan ere asko kostatzen da maila bat lortu arte mantentzea. Obsesionatuta nago gai honekin eta argi nuen nolabait motibatu behar nituela. Dantza zak plazan oso garrantzitsua da beraientzat eta ilusio handiz prestatu dute", azaldu du Arteagak.
Estreinaldiaren ostean dantzari ohien eta egungoen bazkaria izango da Adunako Aburuza sagardotegian eta bazkal ostean erromeria Kantuki taldearekin. Bazkarirako txartelak 35 euro balio ditu (sagardotegiko menua, kafea, kopa, erromeria eta joan-etorriko autobus zerbitzua) eta salgai daude Obaba, Itzalpe, Iru Aldeta, Arnasa, Iturrigoxo, Larrea Okindegia, Amasa Okindegia, Ogi Goxo, Kixubin eta Labezain okindegian.
Dokumentuaren akzioak