Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Thierry Malandainen unibertsoa, Fipadoc-en estreinatuko den film batean

Dokumentuaren akzioak

Thierry Malandainen unibertsoa, Fipadoc-en estreinatuko den film batean

Thierry Malandain koreografoa, 66 urte betetzean, bere azken koreografia prestatzen ari da Biarritzeko Balletarekin. Oroitzapenak kiribiltzen zaizkio dantza neoklasikoaren ikur handienetakoari. Malandainen unibertsoan murgiltzen da Fipadoc-en estreinatuko den “Quand l'Amour Prend Corps” dokumentala.
Egilea
Amaia Ereñaga
Komunikabidea
Gara
Tokia
Miarritze
Mota
Albistea
Data
2026/01/29
Lotura
Gara

 

Thierry Malandain, dokumentalaren une batean.
Thierry Malandain, dokumentalaren une batean. (Raphaël GIANELLI-MERIANO)

 

Biarritzeko film dokumentalaren nazioarteko jaialdiak, Fipadoc-ek, hitzordu berezia prestatu du gaur arratsalderako (19.30ean), azken 25 urteotan hiriarekin lotura estua izan duen koreografo handi bat protagonistatzat duen dokumentala estreinatuko baita Gare du Midi antzokian.

“Quand l'Amour Prend Corps” (“Maitasunak gorputza hartzen duenean” bezala itzul daiteke; hitz joko bat da, dena den, Chambre d'Amour hondartzarekin eta izen bereko balletarekin) filmaren estreinaldia Biarritzek Thierry Malandaini, dantza neoklasikoaren ikur nagusietako bat denari, egingo dion omenaldia izango da, era berean.

70 minutuko dokumental honetan hiru urteko lana islatzen da, denbora horretan guztian Raphaël Gianelli-Meriano zinemagileak bere kamerarekin jarraitu baitio dantza neoklasiko frantsesaren koreografo handi honi.

Thierry Malandainek erronka bati heldu dio, hau abiapuntua: Biarritzeko dantza konpainiaren ardura bere gain hartu zuenean, 2000. urtean, prestatu zuen lehen ikuskizuna “La Chambre d’Amour” izan zen. Orain, mende laurden geroago, ballet ikoniko hori berreskuratuko du.

Konpainiako 22 dantzariekin lanean ari den bitartean, Malandain Ballet Biarritz-en eman dituen 25 urteez eta, oro har, dantzaren munduan egin duen 40 urteko ibilbideari buruz dihardu Gianelli-Merianoren lanean.

“Quand l'Amour Prend Corps” dokumentalak artista batek erretiroa hartzen duen une hauskor hori islatzen du. Malandainek arrasto iraunkor bat utzita joan nahi du, «etorkizuneko belaunaldiei eskainitako keinu baten memoria» izan nahi baitu.

Martin Harriague dantzari eta koreografo baionarrak hartuko du Thierry Malandainen lekukoa Biarritzeko Balletaren gidaritzan 2027tik aurrera. Malandainek 2026ko abenduan utziko du zuzendaritza, baina urtarril honetan iristekoa da Harriague konpainiara, urtebeteko trantsizio aldiari ekiteko. Horrela, Malandainek ziklo bati bukaera emango dio.

Dokumentalaren ekoizpenaren zati bat crowfounding bati esker ordaindu ahal izan da, asmoa baita film dokumentala zinema aretoetan proiektatu ahal izatea, zinemarako bertsioan.

Joan den asteko ostegunean hasi zen Fipadoc larunbatera arte luzatuko da. Guztira, 170 film dokumental luze baino gehiago emango dira egunotan, eta, hainbat gairen artean, nazioartean piztuta dauden gerra eta gatazka egoeretara -Ukraina eta Palestina batez ere- hurbiltzeko aukera izango da.

Dokumentuaren akzioak