Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka The Wailers, Sagarrondotik hasteko

Dokumentuaren akzioak

The Wailers, Sagarrondotik hasteko

Martxoaren 4an hasi eta sagardoaren denboraldia bukatu arte luzatuko da kultur jaialdia

Egilea
Ainara Gorostitzu
Komunikabidea
Berria
Tokia
Urnietan
Mota
Albistea
Data
2005/02/06

Aurreko bi ekitaldietan kultur eta kirol ekimenak aste buru bakar batera mugatzen ziren, aurtendik aurrera sagardo denboraldiak irauten duen artean iraungo du Sagarrondotik jaialdiak. Hirugarren ekitaldi honetan ere musika izango da egitarauaren ardatza, propio Sagarrondotik' 05erako Jon Maiak sorturiko dantza, kanta eta bertso emanaldiarekin batera. Programa Urnietan egingo diren herri kirol lehiekin eta sagardo dastaketekin osatuko da.



Martxoaren 4an Jamaikako The Wailers reggae taldearenBob Marleyren taldea izan zenaren kontzertua izango da Hernanin jarriko den karpa handian. Def Con Dos eta Kautaren emanaldia ere egun horretarako iragarrita daude, eta, antolatzaileen arabera, «euskal gazteei asko gustatzen zaien beste talde bat ere etorriko da», nahiz eta oraindik ez duten erabat lotu.



Larunbatean, Euskal Herriko lau taldek joko dute kontzertua: Mareak, Berri Txarrak-ek, Barricadak eta Soziedad Alkoholikak. Horiekin batera, Andaluziako Martires del Compas flamenko fusio taldea ariko da.



Dantzariek, kantariek eta bertsolariek, 'Txootx!'



Jon Maia dantzari eta koreografoak propio Sagarrondotik' 05 jaialdirako sortu duen koreografia eta ikuskizuna martxoaren 12an estreinatuko dute Astigarragako Oialumen. Anjel Mari Peñagarikano eta Xabier Euskitze bertsolariek, Astigarragako Aiztondo abesbatzak eta Errenteriako Ereintza dantza taldeko 25 dantzarik sagardotegiaren eta edanaren inguruko kultur ondarea plazaratuko dute. Ekitaldi horretan Sagardoaren mezulariak ikurra banatuko dute antolatzaileek. Iaz Real Sociedad futbol taldeak jaso zuen saria, eta aurten Bertsozale elkarteak jasoko du, «bertsoak eta bertsolariak sagardoarekin duen lotura nabarmentzeko».



Aurrerago, apirilaren 16an, Benito Lertxundik kantaldia eskainiko du Hernanin, kultur egitaraua itxiz. Horrez gain, Euskal Herriko sagardo mostra, talo jateak edota zekor errearen pintxo dastatzeak ere antolaturik daude, beste gauza askoren artean.

Dokumentuaren akzioak