Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka The Factory nagusitu da Gipuzkoa Dance Contest hip-hop lehiaketan

Dokumentuaren akzioak

The Factory nagusitu da Gipuzkoa Dance Contest hip-hop lehiaketan

Egilea
Aiora Larrañaga Solaberrieta
Komunikabidea
Urola Kostako Hitza
Tokia
Orio
Mota
Albistea
Data
2024/03/12
Lotura
Urola Kostako Hitza
Gazte mailako talde bat Gipuzkoa Dance Contest txapelketan parte hartzen. (Maria Maya Manterola)

Urtez urte parte hartzaileen "maila handitzen" doala nabarmendu du Warda Mallal antolatzaileak. Berezitasun gisa, dantza eskolen arteko "giro ona" ere aipatu du.

Dantza urbanoen koliseo bilakatu zen igandean Orioko Karela kiroldegia. Gipuzkoa Dance Contest hip-hop lehiaketa jokatu zen bertan, eta Euskal Herriko, Errioxako eta Asturiasko (Espainia) ehunka dantzarik hartu zuten parte. Bilboko The Factory eskola nagusitu zen gazte eta absolutu mailetan, eta Megacrew taldekako eta binakako kategorietan. 

Warda Mallal dantzari eta koreografo oriotarra izan da ekimenaren antolatzailea, eta asteburuko lehiaketak eman duenarekin "oso gustura" dagoela onartu du. "Oso hunkigarria izan zen zentzu guztietan. Giroa ere ederra izan zen, harrigarria baita dantza lehiaketa hauetan sortzen den laguntasun giroa". Hala, hainbat alderdi nabarmendu ditu. Alde batetik, parte hartzaileen "maila handia" azpimarratu du. "Dantza urbanoak urteak daramatza bogan, eta Espainian eta nazioartean arrakasta lortu duten oso dantzari onak atera dira Euskal Herriko dantza eskoletatik".

Harrobia ere "oso-oso indartsu" datorrela azaldu du, eta haurren kategorian "maila ikaragarria" erakutsi zutela parte hartzaileek. "Gero eta txapelketa gehiago antolatzen dira, eta horrek lehiakortasun sanoa sortzen du. Izan ere, aurkarien lana bertatik bertara ikusteko aukera izaten dute dantzariek, eta guztiek nahi izaten dute eszenatokiaren gainean haien onena eman. Giro horrek asko motibarazten ditu eta hobetzeko grina barruraino sartzen zaie".

Bestetik, epaimahaiko kideen maila ere izan du hizpide: "Espainia mailako eta nazioarteko artista entzutetsuekin lan egiten duten hainbat dantzarik osatu zuten epaimahaia, eta animatu ziren erakustaldia egitera. Sekulakoa izan zen".

Laguntasun giroa

Txapelketan parte hartzen duten eskolen artean dagoen "giro ona" ere azpimarratu du Mallalek. "Duela zenbait urte giroa ez zen gaur egungoa bezalakoa, baina pauso handia eman da. Nik antolatutako txapelketa batean, esaterako, epaimahaiak jendaurrera atera behar izan zuen ikusleei parte hartzaile guztiak errespetatzeko eta babesteko eskatzera. Dantza irakasleak ohartu ginen ez zela giro sanoa eta lanketa handia egin genuen egoera bideratzeko".

Orain, ordea, eskolen artean "elkar animatzen" direla eta "laguntasuna dela nagusi" azaldu du. "Oso harro nago zentzu horretan egin dugun bideaz". Giroa "guztiz bestelakoa" da egun eta txapelketa ikustera joaten direnak "gozatu" egiten dute. "Zuzenekoek xarma eta indar berezia izaten dute, eta horixe gertatzen da dantza lehiaketetan ere. Ohikoa da dantza taldeen lana sare sozialen bidez jarraitzea, baina bertatik bertara ikustea ez da gauza bera. Zuzenekoak bestelako indar bat du". 

Gipuzkoa Dance Contest txapelketak Premium kategoria ere badu: gurasoena, hain zuzen ere. Arlo horretan parte hartzaileek egiten duten lana aitortu du Mallalek. "Hau da nire kategoria kutuna, eta Irungo taldeak irabazi du aurten ere, laugarrenez. Maila horretan parte hartzen duten dantzariak 35 urtetik gorakoak izaten dira. Ez da gaztetatik hip-hopa dantzatu duen jendea, gehienak nagusi izandakoan murgildu baitira dantza urbanoetan. Hala ere, miresgarria da egiten duten ahalegina eta jartzen duten gogoa".

Horregatik, kategoria horretan nagusiki teknikan erreparatu beharrean, dantza bere osotasunean hartzen du kontuan epaimahaiak: teknika, koreografia, taularatzea, jantziak, eta baita dantzariek eszenatokiaren gainean erakusten duten jarrera ere. "Benetan polita da ikustea dantzariek nola gainditzen dituzten haien lotsak eta beldurrak gustatzen zaiena egiteko. Esparru hori gehiago jorratu nahi genuke", zehaztu du Mallalek.

Dokumentuaren akzioak