Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka 'The Best of Momix' dantza emanaldia Donostian ikusgai

Dokumentuaren akzioak

'The Best of Momix' dantza emanaldia Donostian ikusgai

Gaur, 20:00etan, Kursaal auditorioan.

Egilea
Ane Zabala Llona
Komunikabidea
Berria
Tokia
Donostia
Mota
Albistea
Data
2005/05/03

Momix konpainia (Moses Mix-en laburdura) Moses Pendleton Vermonteko (AEB) dantzari eta koreografoak sortu zuen, 80ko hamarkadan. Aurretik Pilobolus Dance Theaterrean lan egiteagatik zen ezaguna Pendleton, baina 1980an Lake Placideko Neguko Olinpiar Jokoetarako koreografia bat egin zuen. Momix izena jarri zion ikuskizunari, eta, ekitaldi haren oinarriak hartuta, konpainia propio bat sortzea erabaki zuen. Geroztik, 25 urte igaro dira, eta, hori ospatzeko, momentu gogoangarrienak ikuskizun bakar baten biltzea erabaki du koreografoak. Beraz, Mission, Baseball, Supermomix eta Opus Cactus ikuskizunen zatiak ikusteko aukera izango da Donostian. Hala, herri primitiboen omenez egindako Poles Dance dantza, biraka doazen neskekin sortutako The Wind-up koreografia eta dantza erritualak oinarritzat hartuta egindako Sputnik ikusi ahal izango dira, besteak beste.Konpainiaren produkzioak berritzaileak eta bereziak izateagatik nabarmendu dituzte adituek. XX. mendearen erdialdean Alwyn Nikolais eta Murray Louis estatubatuarrek sortutako estiloari jarraitu dio Pendletonek. Gorputzaren kultua, emoziorik gabeko ariketa fisikoa eta dantzarien arteko berdintasuna nabariak dira haren lanetan. Gainera, Pendleton ikuste efektuetan oinarritutako estetika eta akrobaziak landu ditu gehienbat. Hala, eranztunak, zintak, haga luzeak, pilotak, baloi handiak eta gimnastikari lotutako elementuak ohikoak dira Momixen ikuskizunetan. Horrez gain, adituen arabera, argien mugimendu eta koloreak eta jantziak eta musika ederki erabiltzen ditu taldeak.



Euskal Herriarekin lotura



Ez da Momix konpainia Euskal Herrira datorren lehen aldia. Passion ikuskizunarekin, adibidez, Donostian izan ziren 1994an, eta Bilbon 1997an. 2003an ere Bilbon izan ziren, eta aldi hartan, Opus Cactus dantza emanaldia ekarri zuten. Hala ere, gure antzokietan emandako ikuskizunak ez dira Pendletonek Euskal Herriarekin duen harreman bakarra, ama bilbotarra baitu.

Dokumentuaren akzioak