Dokumentuaren akzioak
Telmo Esnalen 'Dantza' filma Zinemaldiko Sekzio Ofizialean izango da ikusgai
Sekzio ofizialean, baina lehiaketatik kanpo aurkeztuko du Telmo Esnalek 'Dantza' filma Donostiako Zinemaldian, SSIFF (San Sebastian International Film Festival) deitura izango duena aurtengo ediziotik aurrera. Esnal zinemagileak Koldobika Jauregi artista plastikoarekin eta Juan Antonio Urbeltz folklore ikertzailearekin elkarlanean burutu du lana.
Dantzak baliatuta Euskal Herri osoko 200 dantzari inguruk parte hartu dute filmaren grabazioan. Besteak beste, Argia, Arkaitz, Duguna, Astigar, Gure-Kai, Elai Alai, Urki, Haritz, Kezka, Maritzuli, Aurtzaka, Iratzarri, Goizaldi, Indarra, Orbeldi eta Erketz dantza-taldeetako dantzariak ditu protagonista filmak. Irudiak, bestalde, Hendaian, Leitzan, Zarautzen, Ezkio-Itsason, Diman, Oñatin eta Abadiñon grabatu dituzte.
Jende eta leku-aniztasun aberasgarri hori baliatuta, istorio desberdinak kontatu nahi ditu Esnalek. Urbeltzek, bere aldetik, euskal dantzaren sinbolismoaren oinarriak ezarri ditu filmean eta jantzi eta atrezzoen diseinuaz eta estetikaz Koldobika Jauregi artista plastikoa arduratu da. Filmeko argazki zuzendari lanak Javi Agirrek egin ditu.
Marian Fernandezek, Txintxua Filmseko ekoizlea pozik agertu da albistearekin. «Izugarria da hor egotea, Zimemaldiko foko mediatikoa sail ofizialean egoten da, sail nagusia da eta gu hor egongo gara. Oihartzuna izango du filmak, gure lana errekonozitzea da, onenen artean egongo gara», azaldu die Fernandezek Dantzan atariko kideei.
Ekoizlearen hitzak ez dira itxaropen hutsetik sortutakoak. Izan ere, aurten izango bada ere filmaren estreinaldia, iazko Zinemaldian pelikulako zatitxo bat ikusteko aukera izan zuten sektoreko profesionalek 'Glocal in progress' sailaren baitan.
Zinemaldiko beste sail batetik eratorri zitzaion Esnali, hala ere, 'Dantza' amaitzeko aukera. 'Zinema eraikitzen' delakoa, koprodukzio bila ari diren amaitugabeko filmentzako saila sortu zuten iaz, hizkuntza ez hegemonikoko produktuei zuzenduta. Bertan txokoa aurkitu zuen zinegile honek, eta post-produkzioa bukatzeko diru-laguntza jaso.
2014ko otsailean ekin zioten grabaketa lanei eta aurtengo otsailean amaitu dituzte. Beraz, Donostiako Zinemaldiko sail nagusian aurkeztuko dute 'Dantza', eta zinema areto komertzialetara urte bukaeran iritsiko dela aurreikusten dute.
Dokumentuaren akzioak