Dokumentuaren akzioak
Telmo Esnalen 'Dantza' emango dute We Are One zinema jaialdi digitalean
Etzi hasiko da We Are One: A Global Film Festival zinema jaialdi digitala. Tribeca Enterprisesek eta Youtube plataformak ekoitzi eta antolatu dute, eta nazioarteko zinema festibal garrantzitsuenetako 21ek elkarlanean landu dute hamar eguneko programazioa. Besteak beste Cannesko, Berlingo eta Veneziako jaialdiek eta Donostiako Zinemaldiak aukeratutako filmak sarean izango dira ikusgai. Eta Donostiako jaialdiak hautatutakoen artean dago Telmo Esnal zinemagileak zuzendutako Dantza. 2018ko jaialdiko Sail Ofizialean estreinatu zuten lana, emanaldi berezien artean; orain, mundu osoko zinemazaleek izango dute filma ikusteko aukera.
Esnalenaz gain, beste bi film hautatu ditu zinemaldiak festibal digitalean erakusteko: Mugaritz BSO, Felipe Ugartek eta Juantxo Sardonek zuzendu eta 2011. urtean Culinary Zinema sailean erakutsi zutena; eta Isaki Lacuestaren Los pasos dobles, 2011. urteko jaialdian Urrezko Maskorra irabazi zuena. Hirurak film «garrantzitsuak» dira zinemaldiaren historia hurbilean, Jose Luis Rebordinos jaialdiko zuzendariak adierazi duenez.
Orotara, 35 herrialdetako ehun film baino gehiagok osatzen dute egitaraua: fikzioko film luzeak, laburrak eta dokumentalak izango dira ikusgai, besteak beste, eta horietako hamahiruren munduko estreinaldiak izango dira. Zinemagileen arteko solasaldi digitalak ere iragarri dituzte, tartean Francis Ford Coppolaren eta Steven Soderberghen artekoa eta Song Kang-horen eta Bong Joon-horen artekoa. Musika emanaldi batzuk ere badira programazioan.
Jaialdiaren antolatzaileek azaldu dutenez, haien asmoa da «aldaketak eragiteko ahalmena duten filmak» nabarmentzea eta mundu osoko publikoak biltzea, baita pandemia geldiarazteko lanean ari diren erakundeei laguntza ematea ere.
Emanaldi guztiak Interneteko youtube.com/WeAreOne helbidean izango dira, doan.
Dokumentuaren akzioak