Dokumentuaren akzioak
Telmo Esnalek ‘Dantza’ aurkeztu du Glocal in Progress ekimenean
Telmo Esnal filmaren zuzendariak eta Marian Fernandez ekoizleak industriako profesionalen aurrean aurkeztu dute Dantza proiektua. Euskal dantzen sinbolo eta metaforak oinarri hartuta, sormenezko pelikula libre eta musikatua da, dantzen bitartez gai unibertsal asko jorratzen dituena.
Dantzaren zuzendaria izan arren, proiektuak hiru buru dituela azaldu du Esnalek: batetik, Juan Antonio Urbeltz antropologo nafarra, haren ikerketetan oinarritutako filma baita honakoa; bestetik, Koldobika Jauregi eskultore alkizarra, filmaren alderdi estetikoa berak landu baitu; eta azkenik, Esnal bera, dokumentalaren zuzendaria eta sortzailea.
Proiektua orain hiru urte baino gehiago abiatu bazuten ere, azken hiletan egin dituzte errodaje lan handienak, eta filma postprodukzio fasean dago orain. Azkeneko sekuentzia errodatzeke dute, eta musika zein soinuaren diseinua lantzen hasiko da Esnal datozen asteetan. Efektu bereziak ere, garatu ahala, gehituko dituzte azkeneko muntaketara.
Fernandezen hitzetan, oso interesgarria da haientzat Glocal in Progress deialdian parte hartzea, eta lana nazioarteko zirkuituetan zabaltzen lagunduko dieten profesionalengana heltzeko aukera eskaintzen diela azpimarratu du.
Dokumentuaren akzioak