Dokumentuaren akzioak
Tanttakak eta Kukai taldeek Donostia saria jaso zuten atzo
Saritutako lana gaur taularatuko dute, iluntzeko zortzietan, Antzoki Zaharrean
Donostian, 2003. urtean zehar, taularatutako euskarazko lanen artean onena berau zela iritzi zion epaimahaiak. Erabakia ezagutzera eman zenean, «obraren kalitatea eta elementu guztiak, dantza eta antzerkia, bateratzeko gaitasuna» azpimarratu ziren. Filmatutako irudiak ere goraipatu zituzten. Tanttakak eta Kukaik 9.000 euro jaso dute, baita Helena Soteloren artelan bat ere.
Mireia Gabilondo aktorea eta Jon Maya dantzaria dira antzezlan sarituaren zuzendariak. Saria «sorpresa handia» izen dela aitortzen du Gabilondok. Duela urtebete eta erdi estreinatu zuten obra, eta dagoeneko 50 bat emanaldi izan dituzte.
1937. urtean Euskal Herriko milaka umek erbestera ihes egin beharra izan zuten, beren familietatik urrun. Haur horietatik zazpi aukeratu eta beraien historia kontatzen dute 1937: gogoaren bidezidorretatik beharrean.
Emanaldia, iganderako
Ohitura denez, saria hartu ostean antzezlana eskaintzen dute egileek, baina taldeak aspalditik zuen hitzartua beste emanaldi bat. Horregatik, gaur bertan, iluntzeko zortzietan, egingo dute 1937: gogoaren bidezidorretatik obraren antzezpena. Saritutako lanaren ordez, ikusleek Gorringo taldearen Kutsidazu bidea, Ixabel lan arrakastatsuaz gozatzeko aukera izan zuten atzo arratsaldean.
Donostia Sariaz gain, Tanttaka eta Kukairen azkenengo lana an-tzerki eta dantzaren Max sarietarako izendatuta dago, ikuskizun berri onenearen sailean.
Hau ez da izango talde bien arteko lankidetzaren azkenengo emaitza, izan ere «jadanik bagabiltza aurten aurkeztuko dugunbeste antzezlan batekin», dio Tanttakako Mireia Gabilondok.
Dokumentuaren akzioak