Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Tanttaka konpainia eta Pascal Gaigne saritu dituzte Max sarietan

Dokumentuaren akzioak

Tanttaka konpainia eta Pascal Gaigne saritu dituzte Max sarietan

Antzerki taldeak produkzio lan onenaren saria jaso du Sexberdinak obragatik, eta musikariak, berriz, konposizio onenarena Kukai konpainiaren Eta orain zer? dantza ikuskizunagatik.
Egilea
Mikel Lizarralde
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2023/04/18
Lotura
Berria

Sexberdinak obra saritu dute.

Sexberdinak obra saritu dute. Tanttaka

Espainiako Max arte eszenikoetako sariak banatu dituzte bart Cadizen, eta hainbat euskal konpainiak eta antzerkigilek sari banarekin amaitu dute gaua. Tanttaka euskal konpainiak produkzio lan onenaren saria jaso du, Mireia Gabilondok zuzendutako Sexberdinak obragatik. Kepa Errastik eta Telmo Iruretak idatzitako obra horrek emakume gazte baten eta garun paralisia duen pertsona baten arteko harreman sexu-afektiboa jorratzen du, eta Irureta bera du protagonista, Aitziber Garmendiarekin batera. Joan den urteko urtarrilean estreinatu zuten, Arrigorriagan (Bizkaia), eta, orduz geroztik, batean eta bestean taularatu dute.

Pascal Gaignek, berriz, musika konposizio onenaren saria irabazi du Kukai konpainiaren Eta orain zer? dantza ikuskizunean egindako lanagatik. Joan den urteko Donostiako Musika Hamabostaldian estreinatu zuten obra, eta beste bi Max sari eskuratzeko hautagaia zen, dantza ikuskizun onenarena eta argiztapen diseinu onenarena, baina bi horiek ez ditu lortu. 

Bilboko La Dramatica Errante konpainiak bi obra zituen Max sarien lehian, Altsasu eta Yerma, eta azken horrek eman dio saria Maria Goirizelaiari, moldaketa onenarena. Iñaki Rikarte gasteiztarrak, berriz, eszena zuzendaritza onenaren saria irabazi du, Centro Dramatico Nacionalen Supernormales obragatik.

Antzerki obra onenaren saria La voluntad de creer (Buxman, Teatro Nacional) lanarentzat izan da, eta dantza ikuskizun hoberenarena, La Reina del Metal-entzat (Vanesa Aibar konpainia)

Dokumentuaren akzioak