Dokumentuaren akzioak
Talentu handiz eskainitako hiru dantza ikuskizun emanaldi bakar batean jasota
Dantza garaikidea eskaintzen dute #56 ikuskizunean dantzariek. Proposamen interesgarria da. Hiru piezak osatzen dute eta jatorri desberdineko hiru koreografok egindako eszenaratzeak dira. Hain zuzen ere, Nazioarteko Koreografia Sorkuntzako Zentrotik ateratako hiru pieza dira.
Lehenengo bi piezetan hamar dantzarik egiten dute dantza taula gainean. Sade Mamedovarena koreografo errusiarrarena da lehen pieza eta Thirty du izena, Kandinskiren izen bereko lana oinarri hartuta. Dantza saio abstraktua da non soka batetik askatu ezinik dauden hamar dantzariak. Kandinskiren artelanean agertzen diren konposizioetatik abiatuta egindako pieza da.
Bigarren pieza Vita Osojnik koreografo esloveniarrak egindako Hombre masa proposamena da. Hemen ere hamar dantzari daude oholtza gainean baina bestelako janzkera eta erritmoak dituzte soinean. Robot itxura eta soinuak daude piezan zehar eta taldeko kideek taldean, binaka edo bakarka egiten dute dantza. Sortzailearen esanetan taldeak nola norbanakoek garrantzi koreografiko osoa dute.
Erreferentzia argiagoa eta zuzenagoa egiten du #56 ikuskizuneko hirugarren piezak. Walls du izena eta Martin Harriague koreografo lapurtarraren proposamena da. Israelen bost urteko egonaldia egin ostean datorren dantza koreografia da. Ikuskizuneko aurreko bi piezetan atrezzorik apenas badago –dantzarien jantziak soilik–, azken honetan horma handi bat dago erdi erdian. Munduan zehar hormak eraiki nahi dituzten agintariei egindako kritika da. Trump presidentearen ezaugarri handiak dituen pertsonaia batek horma erraldoi bat eraiki nahi du, baina horma handia izanagatik zirrikituak ditu, eta sufrimendu askoren ostean bada ere alde bateko zein bestekoen askatasun goseak nahitaez kaltetzen dute.
Pieza indartsua da eta mezu sinboliko argiarekin. Dantzarien presentzia fisikoak eta adierazkorrak ondo jasotzen du gaurkotasun handiko gaia.
Dokumentuaren akzioak