Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka «Politena taldea profesionalizatzea izango litzateke, erreferente izan dadila»

Dokumentuaren akzioak

«Politena taldea profesionalizatzea izango litzateke, erreferente izan dadila»

Edu Muruamendiaraz. Aukeran taldeko zuzendari eta dantzaria

Egilea
Izaro Aulestiarte
Komunikabidea
Gara
Tokia
Donostia
Mota
Elkarrizketa
Data
2008/03/28
Aukeran taldea dantza tradizionaletik abiatuta ikerketan jarduteko asmoz sortu zen 1997an. «Aukeran, 10 urte» izeneko ikuskizuna dakar orain Donostiara, konpainiaren historiari errepaso bat egiten diona. «Sutargi» (2001), «Izena duen guztia omen da» (2003) eta «Bideak» (2006) ikuskizunetako pasarteak baliatuko dituzte horretarako.

Urteotako errepasoa egingo duzue biharko hitzorduan, ezta?

Bai, urteotako koreografia polit edo berezienak eskainiko ditugu, 10 edo 12 bat guztira. Baina jendearentzat ikuskizun ezberdina izango da, baita guretzat ere, halako bat lehenengo aldiz egingo baitugu. Sorpresa batzuk ere badaude. Gonbidatuak izango ditugu, dantzek lotura izan dezaten Alaitz Ormazabal abeslaria arituko da berriz...

Iker Murillo eta Jon Agirretxe gonbidatu dituzue.

Lagunak ditugu, eta gure mundutik atera diren dantzariak dira. Tradizionaletik hasi ziren, gu bezala, eta profesional mailan sartu dira biak ere. Horregatik aukeratu ditugu; jendeak ikus dezala posible dela hori ere, egiten ari dena ondo egiten ari dela, eta aukerak badaudela.

Aukeran 1997an jaio zen, tradizioari eutsiz gauza berriak esperimentatzeko. Zer beharrek eraginda? Premiazkoa al zen?

Ez zen premia aldetik sortu. Dantza sariketak utzi nituen, baina betidanik gustatu izan zait dantza egitea. Banuen gogoa zerbait egiteko, nonbait segitzeko, baina dantza munduari lotuta beti. 1997an Jaurlaritzak koreografia berriak asmatzeko dirulaguntza txikia eman zuen, eta hor hasi nintzen kontu honekin; «Aukeran» koreografia sortuta. Dantza tradizionala dago hor, baina ikuspegi ezberdintasun bat zuen, aldaketa bat. Arrakasta polita izan zuenez, hurrengo urtean berriz eman genuen izena beste koreografia bat sortzeko: dirulaguntza lortu, eta ikusi genuen bazegoela zerbait gauza berriak egiteko, jendea onartzeko prest zegoela.

Eta bide horri eutsi zenioten...

2000. urtean ikusi genuen egindako gauzak ez zirela oharkabean pasatzen, eta orduan pentsatu genuen: zergatik ez? Zergatik ez egin formatu handiagoan? Izan ere, ordura arte koreografia motzak bakarrik genituen, eta zergatik ez ikuskizun potoloago bat prestatu? Horrela sortu zen «Sutargi»: 70 bat aktuazio egin genituen Euskal Herri osoan eta guretzat izugarria izan zen, jendearentzat ere bai. Ordu arte «dantza tradizionala» plazetan bakarrik ikustetik, hortik bat-batean ikuskizun bat atera eta antzeztokietara eramatea izan zen (...).«Izena duen guztia omen da» 2003an atera genuen. Ez zuen izan aurrekoek besteko arrakasta, baina mantentzea lortu genuen. 2006an «Bideak» ikuskizuna sortu genuen.

Nola oroitzen duzu orain hura?

Bide edo aldaketa haietatik segituta ikusi genuen beste mundu bat zegoela. Dantza sariketetan aritzen nintzenean ez nekien beste mundurik zegoenik! (kar kar). Beraz, gustura. Gure asmoa ez zen izan ezer aldatzea. Gero, denborarekin, agian ikusi dugu zerbait egin, eta nabaritu dela, aldaketak egon direla, arrakasta izan dutela, bide onetik goazela.

Kritikak, laudorioak...

Denetatik izan dugu. Lehenengo urteak oso gogorrak izan ziren; tradizionaletik bat-batean gauza berriak ateratzea... Lehenengo koreografia Jaurlaritzaren zirkuitu batean estreinatu genuen. Urtero joaten ginen Segurara, pentsa! Tradizional munduko leku handia! (kar-kar). Denetatik entzun genuen, txarra eta ona. Baina badakit, gero, urtero jendea joaten zela txapelketa ikustera, eta Aukeran-ek zer ateratzen zuen ikustera ere. Duela 10 urte kritikatzen zutenek orain onartu dute; eta beste batzuek ez dute sekula onartuko. Ez naiz horretan sartuko, lehen gehiago moskeatzen nintzen, baina orain ez dit loa kentzen. Bakoitzak hautatzen du bere bidea: guk bat hartu dugu eta hortik segiko dugu, kitto. Ez dut uste inori kalte egiten diogunik. Zaleak ditugu, badago jendea gauza berriak ikasteko prest, eta eskertu da egiten duguna. Agian ohartu gara behar zela halako zerbait gauza berriak egiteko.

Garrantzirik izan du, beraz...

Niretzat beharrezkoa zen aldaketarena, bizitza bera aldatu den bezala. Argi dago ezin dudala dantzatu orain dela 200 urte egiten zen bezala; zaindu dezaket, baina beste ikutu bat eman behar diot, teknika aldetik hobea delako, gehiago ikasi dudalako, edo niretzat horrela direlako gauzak. Bakoitzak bere erabakia hartu behar du; nik hau hartu nuen eta biharko hitzordurako ere, adibidez, sarrerak agortu dira. Zerbait behintzat egin dugu ondo! Gure munduarentzako haize freskoa behar zen. Positiboa izan da, guk beste mundu bat ezagutu eta beste mundukoek ere dantza mota bat eta teknika batzuk ezagutzeko aukera izan dute.

Zein da euskal dantzen egoera?

Egoera asko aldatu da. Dantza tradizionaletan badaude dantzariak, baina taldeak herrietan aurrera egitea oso zaila da. Asko desagertzen ari dira, eta pena dela uste dut; zerbait berria behar da horri eusteko. Ni hasi naiz ikuspegi hori eramaten, eta jendea prest dago dantzak berriz ikasteko, baina puntu berri edo ezberdinekin. Bultzada hori eman behar da... Erabateko berregituratze bat da beharko litzatekeena, baina horretarako, noski, jendea behar da, dirua, dena. Guk ere ikasteko aukera izan beharko genuke... eta hori falta da, motibazioa bezala.

Eta etorkizunari begira?

Gutxi geratzen zait agertokietan. Egin behar nuena egin dudala uste dut; uste baino gauza gehiago izan dira gainera! Asmoa, beraz, dantzatzeari uztea da, eta Aukeran-ekin segitzea gauza berriak egiten, atzetik badago-eta lana egiteko. Irakasle nabil orain. Posible balitz, gure taldea 10 urte eta gero profesionalizatzea izango litzateke politena, erreferente bilakatzea. Eta hori ez bada, harrobia mantentzea behintzat. Profesionalizatzeko, baina, azpiegitura, dirua, babesa... behar da. Dantza gustuko izan eta profesional mailan sartzeko aukera baldin baduzu, hemen posibilitateak lortzea, gurean edo beste talderen batean, kristona litzateke. Orain, eta hemen, hori ez da posible.

 
p045_f01_097x140.jpg

 

 

 

Dokumentuaren akzioak