Amezketan maiatzaren 10ean egingo dute Talai Eune. Mende erdi da dantzak berreskuratu zituztenetik, eta hari horri tiraka osatu dituzte, besteak beste, dokumentala eta ospakizun-eguna.
Hain zuzen, dokumentalaren proiekzioarekin hasiko dute egitaraua. Ikus-entzunezko pieza 50. urteurrenaren harira osatu dute, eta ikusteko izena eman beharko da udaletxean, maiatzaren 8a baino lehen. Eta dantzarik dantzara, hurrengo hitzordua ere hari berari tiraka antolatu dute: Lizartzako inauterietako dantzen emanaldia eskainiko du Otsolar dantza taldeak. Jarraian, berriz, talai dantza eta kalejira egingo dituzte.
Eguerditik aurrerakoa
Ospatzen jarraitzeko, herri bazkaria egingo dute Larrunarri pilotalekuan, eta horretarako ere aurretiaz eskuratu beharko da txartela. Herriko tabernetan daude eskuragarri, eta maiatzaren 6a baino lehen hartu beharko dira.
Bazkariaren ondoren trikitilariak eta erromeria izango dituzte, eta eguna bukatzeko, berriz, zahagi-sagardoa.
TALAI EUNE
- 11:30 - 12:15. 50. urteurreneko dokumentalaren estreinaldia.
- 13:00. Lizartzako inauterietako dantzen emanaldia.
- Jarraian: Talai dantza eta kalejira.
- 14:30. Herri bazkaria, Larrunarri pilotalekuan.
- Ondoren: trikitilariak eta erromeria.
- 20:30. Zahagi-Sagardoa.