Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak
Hemen zaude: Hasiera Hemeroteka Suzko txoria dantzan

Dokumentuaren akzioak

Suzko txoria dantzan

Kritika, Euskal Herriko Gazte Orkestra

Egilea
Arkaitz Mendoza
Komunikabidea
Berria
Mota
Albistea
Data
2008/07/23

Ikusgarritasunerantz abiatu da azken urteotan EGO. Egitarau arriskutsu eta artatsuak lantzen aritu dira azken ekitaldietan. Iazko Udaberriaren sagaratzeak suzko txori berri bat txertatu du beren orkestra hezkuntza ikasketan. Nahiz eta izerdi tanta sutsu gehiegi izan gazte hauentzat, aurreko urteetako interpretazioen mailak gorantz egin du, honenbestez, zorionak!

Kastxei errege jainkotuaren lorategi magikoetan norabidea galdu arren, hara hor haria tempi azkarrean itota, haize taldearen sinkopak berandu eta perkusiozko bonbo kolpe eztanda zentzugabeak, diatoniko eta kromatiko girotan lurrintzen den musika guztiz leherraraztera ez ziren iritsi, unerik korapilatsuenetatik onik aterata. Aurretik, gau giro isila dinamika egokiz apaindu zen, tronpa eta oboearen solo eztitsuen bitartez. Hariaren tremoloak bibrato txikiz interpreta zezaten agindu zuen Oconek eta emaitza ikaragarri misteriotsua izan zen. Obra hasierako tempia bilintzi-balantza sentitu arren, bukaeran oro trinko txertatu eta koral alai eta indartsu batek Suzko Txoria ongi txukundu zuen.

Jarraian hain ezaguna dugun Bolero dantza entzungai genuen , gonbidatu berezi batekin. Miarritzeko Ballet taldeak koreografia bizi bat prestatu zuen. Dantzarien lan honek iritzi mila piztu arren, musikarekiko errespetua ez da inoiz ere galdu behar. Berrikuntza saiakerak eskertzekoak dira, baina musika eta dantza urtzen baditugu, moldaketak musikaren nondik norakoak bete behar ditu eta ez zen hala izan.

Boleroa-k ardatza perkusio kaxaren erritmoan du -maisutasun apartez interpretatuta- eta hutsartetik hasita amaierako izugarrizko eztandara ordu laurden igarotzen da, geruza harmoniko eta orkestrazio dinamikak bikain areagotuz. Ulertezina izan zen hasierako pianissimi batean, dantza mugimendu indartsu eta zaratatsuak gauzatzea. Orkestraren dotorezia galdu zen obra honetan, ingeles adarra, tronboia eta saxofoi sopranoaren soloak salbu. Harmonia konplexuko ore nahasi iluna sortu zen fortissimi pasarteetan, musikarien kontzentrazio falta tartean. Hala ere, oparitxo modura eskaini ziguten Mambo dantzaren txa-txa-txa erritmo kilikariak emanaldi duin bat biribildu zuen.

Dokumentuaren akzioak