Sutan dantza taldea agertokiak 'erretzeko' prest
Gaztea Dantzan lehiaketan parte hartu zuen Altsasuko Sutan dantza taldeak eta entzuleen bozkekin erabakitako saria irabazi du
Nerea Llamas, Leire Bujanda eta Igone Augusto dantzari altsasuarrek osatzen dute Sutan taldea. Gaztea Dantzan Gaztea Irratiaren dantza-bideo lehiaketan aurkeztu dute taldea, nahiz eta aurretik sortu zutela azaldu dute dantzariek. "Hainbat proiektu genituen buruan eta Gaztea Dantzan lehiaketa horietako bat izan da". Bideoa aurkeztu zuten eta entzuleen bozkek erabaki dute Altsasu Sutan bideo hoberena dela. 1000 euroko saria jaso dute.
70 bideo baino gehiago aurkeztu ziren Gaztea Dantzan lehiaketara. Horietatik epaimahaiak 25 finalista aukeratu zituen. Eta Altsasu Sutan finalistetako bat izan zen. Beraz, abenduaren 11an hasi zen Gaztea Irratiaren webgunean bozka emateko aukera. "Lehenengo egunetik indar handiarekin hasi ginen bozkak jasotzen. Baina asate batean dena alda daiteke". Azken unera arte mantendu zen Sutan taldearen bideoa lehenengo posizioan. 880 bozka jaso zituzten, gutxi gora behera.
